Kinto eguna antolatuko dute irailean, lehenengoz, Zegaman

Zegamako Gazte Herexak aste honetan bertan jakitera eman duenez, Kinto eguna antolatuko dute lehenengoz, irailaren 13an. Kintoen bazkaria izango da egun horretako ekintza nagusietako bat, “kinta bakoitzak bazkaltzeko nahi duen lekua aukeratu ahal izango du” argitu dute Gazte Herexatik.
Baina, hala nahi dutenentzako, herrian bazkaritara elkartzeko espazio bat ahalbidetuko dutela ere aurreratu dute. Gune horretara kinta bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Aurrerago xehetasun gehiago emango dituztela agindu dute, baina zegamarrei data gordetzeko gonbita luzatu diete.
Sagardotegira irteera
Gazte Herexako kideak oso aktibo dabiltza azken hilabeteetan eta hainbat ekintza antolatu dituzte, herriko beste eragile eta elkarte batzuekin elkarlanean. Gabonetan, Gabon eske jendetsua egin zuten eta inauterietan ere egitarau zabala antolatu zuten. Martxoaren 29an, Adunako (Gipuzkoa) Aburuza sagardotegira irteera da antolatu duten hurrena.