Landaola sariak banatu dituzte Zumarragan
Legazpiko Udala erakunde publikoen kategorian saritu dute, Arrobi proiektuagatik. Egitasmo horrek natura ondarearen kontserbazioa eta mendiaren erabilera tradizionala uztartzen ditu.

Gaur goizean Landaola sariak banatu dituzte Zumarragako plazako baserritarren gunean. Landaola sariek landa garapenaren alde egindako lana saritzen dute. Zortzigarren edizio honetan Errastiko Eskola, Legazpiko Udala, Astigarragako Josebe Lizeaga Lujanbio eta Azpeitiko Manuel Odria Ibarguren saritu dituzte.
Legazpiko Udala erakunde publikoen kategorian saritu dute, Arrobi proiektuagatik. Egitasmo horrek natura ondarearen kontserbazioa eta mendiaren erabilera tradizionala uztartzen ditu. Udalak, Arrobiko Ganaduzale Elkarteak, aldundiak, Etorlurrek, Naturzaindiak eta Paisaia Fundazioak Arrobi onura publikoko mendiko lur sailak berreskuratzeko proiektua jarri dute martxan. Helburu nagusia Arrobiko habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin uztartzea da. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larreen eta basoen osasuna hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohikaztegiak berreskuratzea dira lan ildo nagusiak. Gainera, ganadu karga egokituz, larreak modu jasangarrian erabiltzearen alde egiten da.
Errastiko Eskola erakunde pribatuen kategorian saritu dute. Arrasaten kokatutako hezkuntza proiektu berritzailea da. Ikasleak lehen sektorera eta landa ingurunera hurbiltzen ditu, esperimentazioaren eta ikaskuntza praktikoaren bidez.
Lizeagak landa eremuko emakumeen Landaola saria jaso du, emakume baserritarren profesionalizazioaren eta ahalduntzearen alde egindako lan nekaezinagatik. Bukatzeko, Odriak ibilbide osoari dagokion saria jaso du, Gipuzkoako landa garapenari egindako ekarpenagatik eta lehen sektoreko sindikatu eta elkarteen sorreran izan duen funtsezko zereginagatik.