Sheldons Brothers taldea lagun artean agurtuko da
Sheldons Brothers talde beasaindarrak agurreko kontzertua egingo du bihar, Asti tabernan. Festa handi bat eta lagunekin elkartzeko egun bat izatea nahi dute. Taldearen ibilbideari errepasoa egin diote, agurtu aurretik.

Larunbat honetan, Sheldons Brothers taldeak emanaldirik berezienetakoa emango du. Jo duten txoko bakoitzean arrastoa utzi duen punk rock akustikoko talde honek, agur esango du ibilbide labur baina zirraragarri baten ondoren. Eszenatokietan denbora luzea eman ez badute ere, eragin sakona izan dute. Kontzertu bakoitza show bat baino askoz gehiago izan da; ospakizun bat izan da, ahaztuko ez duten lagunen arteko festa bat.
Xabi Jauregi (Beasain, 1996), Aitor Ormazabal (Beasain, 1996) eta Iban Irastorza (Beasain, 2001) dira Sheldons Brothers. Punk rockaren eta punk oi-aren esentziarekin sortu zuten taldea, baina gainontzekoetatik bereizi zituena, bere estilo akustikoa izan zen. Kitarra akustikoa, kutxa eta kitarra elektrikoa nahasten dituzte, haiek azalduta, «ahots apurtuekin» lagunduz: «Melodikotasunari eta goxotasunari, ukitu gogorragoa eta makarragoa emanez», definitu dute euren musika.
Hell Beer Boys eta Azken Sustraiak taldeetatik edan dute, eta haiekin triangelua osatu dute azken urte hauetan, garaiko musika tendentzia komertzialetik urrunduz. «Regetoia ez da bide bakarra», dio hirukoteak. Non Servium, Never Surrender… edota Social Distorsion amerikar doinuak dituzten beste talde batzuk ere izan dituzte inspirazio iturri.
Sorkuntza propioa baino nahiago izan dute ereserki dituzten abesti haien bertsioak egitea. «Beste herri batzuetara joan eta bertan jendeak gurekin abestea nahiago izan dugu. Beste talde batzuen abestiak jo, jende berria ezagutu eta ondo pasatu, hori izan da gure bidea», kontatu du hirukoteak. Beren ibilbidean zehar, musikarekin lortu nahi izan dutena da «publikoarekiko konexioa berehalakoa» izatea eta «lagun arteko parranda bat» izatea. Hala, hiru urte iraun dituen ibilbide labur baina bizi honetan, kontzertu bakoitza energia leherketa bat izan da. Jo duten areto edota taberna bakoitza, publikoarekin fusionatuz, borroka eta adiskidetasun ereserkiz eta aldarriz bete dute. Markina, Eibar edota Galizian emandako kontzertuak oroitu dituzte, beste askoren artean. «Harrera bikaina egin izan digute denetan, oso eskertuta gaude!».
Sheldons Brothersentzat, garrantzitsuena ez baita musika bakarrik, baizik eta horren inguruan sortzen dena. «Kontzertu bakoitza aukera bat da eta garrantzitsuena momentuaz gozatzea, istorioak partekatzea eta musika adiskidetasunerako zubi bihurtzea da», borobildu dute.
«Parranda, barrea, eta musika»
Larunbat honetan amaiera bikaina izango du Sheldons Brothersek. Azken kontzertua egingo dute Beasaingo Asti tabernan, eta dena «beti bezala» izatea nahi dute: «Festa handi bat». «Gustatuko litzaiguke betiko lagunekin eta egin ditugun lagun berri guztiekin elkartzea. Parranda, barrea, eta batez ere, musika ez dira faltako», aurreratu dute. Kontzertu honek kapitulu baten amaiera ez ezik, etapa berri baten hasiera ere markatuko du bere historiaren parte izan diren guztientzat. 19:30ean hasiko da festa, Azken Sustraiak taldeko Xabi eta Agirrerekin. 20:00etan, berriz, Sheldons Brothersen kontzertua hasiko da. Ordu eta erdiko emanaldia egingo dutela iragarri dute. Bukatzeko, DJ Chamak jarriko du musika.
Azkena… edo ez?
Biharkoa iristeko «amorratzen» dago hirukotea, Sheldons Brothersen azken kontzertua ez ezik, «bizitako guztiari omenaldia» izango delako. Taldearentzat eta bere publikoarentzat, beraz, agur hau «ez da tristea» izango, «festa bat izango da, ospakizun bat». Taldearen ibilbidea gau horretan amaituko bada ere, «adiskidetasunak eta oroitzapenek» bizirik jarraituko dute. «Eta zeinek daki zer etorriko den… agian ez da azkena izango».
Bukatzeko, ikusi Legazpiko Gaztetxean eman zuten kontzertuaren lagin bat: