Euskaraldian izena emateko aukera zabaldu dute
Aurten ere bi rolen artean aukeratu behar dute herritarrek: 'ahobizi' ala 'belarriprest'. Maiatzaren 15etik 25era izango da, udaberri bete-betean, 'Elkar mugituz egingo dugu!' lemapean.

Bi hilabete besterik ez dira falta Euskaraldiaren laugarren edizioa hasteko, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko badute aukera izena emateko. Gaur goizean iragarri dute antolatzaileek izen emateko epea zabalik dagoela, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean egin duten agerraldian. Maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldiaren txapa eramango dute soinean milaka herritarrek. Aurten ere bi rolen artean aukeratu beharko dute: ahobizi ala belarriprest.
Dozenaka lagun elkartu dira, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, besteak beste. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, berriz, honakoak egon dira oholtza gainean: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria; Irati Iziar, Taupako lehendakaria; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiaren koordinatzaile orokorra. Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politikako sailburuorde beasaindarrak eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasuneko foru zuzendari zaldibiarrak ere parte hartu dute.
Arnas luzeko ariketa
Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, edo beste era batera esanda, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa. Irati Iziar Taupako lehendakariak dioen bezala, “urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foku nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea. Gaur-gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboen”.
“Urte askotan euskararen ezagutzan jarri da foku nagusia eta premiazkoa da erabilera sustatuko duen paradigma berri bat bultzatzea”
Irati Iziar. Taupako lehendakaria
Erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua, eta Iziarren hitzetan “hori lortu du Euskaraldiak urte hauetan guztietan”. Hala, gero eta jende gehiagok ulertzen du “lehen hitza euskaraz” egitearen garrantzia, “elkarrizketa elebidunakx gero eta arruntagoak dira gure inguruan”. Eta horrek guztiak, “Euskaraldiak, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea ahalbidetzen du” nabarmendu du Iziarrek. Hala ere, Euskaraldia “arnas luzeko” ekimena dela esan du Taupako lehendakariak, izan ere, “edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.
Erakundeen erantzukizuna
Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea badela esan du. Euskararen erabileran jauzia eman behar dela aipatu du bai lagunartean, bai laneko kideen artean zein senideen artean. Bengoetxea lehendakariordeak aipamen berezi egin du euskaratik urrun daudenak ere euskarara erakartzeko, euskarak “denok” behar gaituelako.
Ildo beretik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkariak azaldu du belarriprest rolean badagoela “hobetzeko tartea” oraindik ere. Euskaraldian, orohar, ahobizi rola izan da nagusi; eta gogorarazi nahi izan du belarriprest rola ere garrantzitsua izateaz gain, pertsona askorentzat “egoki-egoki” dela. “Rol hori ez da euskara pixka bat dakitenentzat, ez soilik beraientzat. Nafarroan, adibidez, euskara jakin arren, gutxi erabiltzen duen jende asko dago. Horren atzean oso bestelako arrazoiak daude. Herritar guztiak ez dira toki beretik abiatzen, eta belarripest izatea Euskaraldiarekin bat egiteko aukera on-ona da”. Eta gazteei ere bidali die mezua, Euskaraldian beraiek ere tokia dutela gogoraraziz.
Bestalde, Ana Ollo kontseilaria herri erakundeek duten erantzukizunaz hitz egin du, eta esan du “gizartearen beharrei egoki erantzutea” dagokiela, “nor bere aukeretatik abiatuta, baina beti ere arduraz. Erronka handia dugu”. Euskaraldiari babesa ematea eta hori “egikaritzeko” neurriak hartzea dagokiela gehitu du.
Lehen pausoa, Euskaraldian izena ematea
Denek ala denek nabarmendu dute Euskaraldiak euskararen erabilerari egiten dion ekarpena. “Beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haragoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”, adierazi du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak. Lehen pauso hori gaurtik aurrera eman beharko dute herritarrek, Euskaraldian izena emanda webgunearen bidez.
“Euskaraldiak txapa jartzetik haragoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”
Goiatz Urkijo. Euskaraldiaren koordinatzailea
Urkijok gehitu du ariketarentzat oso garrantzitsua dela parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztiek ematea izena. “Hausnarketa baten osteko erabakia baita, ahobizi edo belarriprest izatea erabaki ostekoa, alegia”. Gainera, izen-emate horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea.
Txaparen garrantzia
Behin izena emanda aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute parte hartzaileek. Horretarako, batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen Euskal Herriko herri eta txoko guztietan. Euskaraldiko lantaldearen ustetan ezinbestekoa da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den pertsonak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino, besteentzat keinu bat da txapa.
Ahotan maiz aipatzen den “estres linguistikoa” ezabatuko du txapak. “Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin”. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurrean duenari: “Nirekin egizu euskaraz!”.
Maiatzaren 15tik 25era, beraz, euskararen erabileran jauzia emateko ariketan parte hartuko dute milaka herritarrek. Dena dela, askotan aipatu bezala, hamabigarren egunetik aurrera ere Euskaraldiak sustatzen dituen jarrerak (“lehen hitza” euskaraz, elkarrizketa elebidunak…) mantentzeko deia egin dute antolatzaileek.