Gari Garmendia, harri handietan txapeldun
Idiazabaldarrak txapela irabazi du Azpeitian jokatu den harri-jasotze txapelketan. Xabier Aranburu ‘Guzta’ herritarrak bigarren egin du.

Urrezko aizkora eta harri jasotze txapelketetako finalak jokatu zituzten atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Idiazabaldarrak nagusi izan ziren harri handietako finalean, Gari Garmendiak ekarri du txapela etxera eta Xabier Aranburu Guzta bigarren postuarekin itzuli da etxera.
Harri jasotzeko hiru txapelketa jokatu zituzten atzo Azpeitin. Harri handietan aipatu bezala idiazabaldarrak izan ziren nagusi; Garmendiak 33 altxaldi egin zituen, 4.618 kilo jasota. Gustura dago Garmendia txapelketaren biharamunean, “oso gustura nago, aurrez pentsatutakoa ezin hobe atera zitzaidan”, esan du. Hiru harri altxatu zituzten finalean, Garmendiak 175 kiloko errektangularra 7 aldiz altxatu zuen, 138ko kubikoa 11 aldiz eta 125eko bola 15 aldiz.
Guztak ere lan bikaina egin zuen, 29 altxaldirekin, 4.181 kilo altxatuta. Harri txikietan, Mikel Lopetegi Urrak irabazi zuen eta emakumeetan Maddi Gesalaga zarauztarrak.
25. Urrezko binakako aizkora txapelketa ere jokatu zen atzo Azpeitin. Lehia bizia izan zen, baina azkenean Iker Vicente eta Eneko Saralegi lehengusu nafarrek irabazi zuten. Emakumeetan Laiene Pikabea izan zen onena eta 23 urtez eta 19 urtez azpikoen mailan, Jon Erdoziak irabazi zuen gizonezkoetan, bi mailetan.
Omenaldia
Berezia izan zen atzoko txapelketa, besteren artean txapelketa antolatzen duen Egur Sport enpresako Luis Mari Bengoak erretiroa hartu duelako, eta omenaldi sentitua egin zietelako bertaratutakoek txapelketaren sari banaketaren unean.