Goitur, Goierri mapan jartzen 25 urtez
Goitur Turismo agentzia erakunde publiko-pribatua osatzen duten udalek, elkarteek eta enpresek parte hartu dute ekitaldian, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera. Ekitaldiak Goierri eta Goitur turismo jasangarriaren eta adimendunaren erreferente gisa Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo kokatu duen ahalegin bateratua aitortzeko balio izan du.

Goierri eskualdeko turismoaren kudeaketa publiko-pribatuan aitzindaria den Goitur erakundearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur, Beasaingo Igartzako jauregian. Bertan elkartu dira erakundearen hauspoa izan diren eragileak – Goierri beheko 18 Udalak, merkataritza elkarteak eta landa garapenerako elkarteak, eta turismoko hainbat azpisektoretako 70 enpresa baino gehiago-. Ekitaldiaren buru izan dira Adur Ezenarro Goitur-eko lehendakaria, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua, Azahara Dominguez Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako Diputatua, eta Niko Osinalde Goitur-eko zuzendaria. Ekitaldiak Goierri eta Goitur turismo jasangarriaren eta adimendunaren erreferente gisa Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo kokatu duen ahalegin bateratua aitortzeko balio izan du.

Adur Ezenarro Goiturreko lehendakaria.Ariane Vierbücher
Adur Ezenarro Goiturreko lehendakariak Goierriren sinonimoa “nortasuna” dela adierazi du, eta Ordizia Rugbiko esaera ekarri nahi izan du, deskripzioa osatzeko; “Bakarrik ezer ez elkarrekin dena”, esan du. Goitur, “eskualdean elkarrekin egindako lanaren” emaitza dela nabarmendu du Ezenarrok hitz horiekin. “Mende laurdeneko urratsa eta iraganean elkarrekin egindako bide horrek ekarri gaitu honaino, eta etorkizuneko bidea ere erakutsi digu” osatu du lehendakariak. Gogoratu duen moduan, 25 urteotan, turismoa, “hazi egin da ez bakarrik turista kopuruan, urtean zehar banatzen direlako ere” azaldu du lorpen gisa. 25 urteotako ibilbideko lorpenekin jarraituz, erakundeak egin duen kudeaketa onagatik jaso dituen “sariak eta errekonozimenduak” ere ez ditu utzi nahi izan aipatu gabe. Eta azkenik, “Niko eta Jon, bien lana eta meritua aitortu eta eskerrak eman” nahi izan dizkie Ezenarrok.
Gobernantzaren eredu

Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria bere hitzartzean.Ariane Vierbücher
Niko Osinaldek Goiturreko zuzendariak, sorreratik ezagutzen du erakundea. “25 urte hauetan gauza asko pasa dira” hasi du bere hitzartzea. Erakundearen hastapenetik hasita urte guzti hauetako errepasoa egin du bertaratutakoen aurrean, “handikeriarik gabe”, baina, Goierrin turismoa indartzearen alde egin duen lan handiaren aitortza utziz: “Batzuetan diru-laguntzei uko eginez eta Goierriko turismoak behar zituen elementu haien bila joanez; turismo sektoreaz haratago ateak joz errepide nagusietan herri txikienei ere ikusgarritasuna emateko; nekazaritza sektorearekin eta Goimenekin lan eginez landa turismoa sustatzeko; kultura arloan, museo guztiekin harremanak indartuz; mendi sailekoekin, gaztaren ibilbidea sortzeko, besteak beste; industriaren sektorearekin, Goierriko enpresei esateko bertako zerbitzu turistikoak erabiltzeko Goierri Valleyren bidez; turismoaren sektorean bertan, noski, Basque Tourrekin, Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Lakuarekin, Segiturrekin, Turismo Ministerioarekin,…; Europa Batasunarekin Zeraingo minetako obrak martxan jartzeko; Matia Fundazioarekin, turismo irisgarria lantzeko;…; Goierriko turismoarentzat ona zen haren guztiaren bila joan gara” zerrendatu du urte hauetan egindakoren lagin bat.
Horri guztiari, “gobernantza” esaten zaiola gogoratu du, hau da, “lehiakorragoak izateko hasiera-hasieratik, kudeaketa prozesu guztian erabiltzen den metodologia da”. Eta gobernantza izateko, “lehenik eta behin, sinistu egin behar da eta konpromisoa behar da, horiek falta badira, ez delako behar den bezalako kudeaketarik egiten” adierazi du Goiturreko zuzendariak. Niko Osinaldek berak, lehen harriak ipini zituztenetik, Goierriren potentzialitatean eta kudeaketa eredu desberdin batean sinistu du %100. Goierri eskualde industrial bat izanik ere, beti sinistu izan du bisitarientzat, izan gertukoak, izan urrutiagokoak, eskaintzeko asko duela.
Eskertza beraz, luzea izan da. Goiturren bidelagun izan diren denei zuzendu da, baina esker hitz berezienak, lankide izan duen Jon Ubiderentzat izan dira. “Azkeneko 15 urteetan turismo arloan eman diren aurrerapausoen arrazoia baita bera” adierazi du publikoki Goiturreko zuzendariak.
Industria turistikoa
Turismo kudeaketaz hitz egin ostean, industria turistikoari buruz ere hitz egiteko baliatu du Osinaldek ekitaldia. Bi ardatz nabarmendu nahi izan ditu hemen. Batetik, turismoa, aktibitate bezala ulertuta, bertakoa ere, etxetik ateratzen den momentuan turista bihurtzen dela gogoratu du, hau da, denak garela turista momenturen batean. Zentzu horretan, Pepe Mujika Uruguaiko presidente ohiaren hitzak ekarri nahi izan ditu: “Askoz hobe da pentsatzen duzun bezala bizitzea, bestela bizitzen zaren bezala pentsatzen bukatuko duzu”.
Eta bestetik, industria turistiko bezala ulertuta, adierazi du, “sektore produktibo bat gehiago” dela dela turismoa, “baita Goierrin ere”. Zentzu horretan, nabarmendu duenez, “inpaktu txikiena sortzen du; enplegua eta aberastasuna sortzen ditu; eta beste sektore batzuetan ere ondorio positiboak ditu, hala nola merkataritzan, garraioan, kulturan…”, eta hori guztia sustatzen jarraitzeko, “erakunde guztien elkarlana beharrezkoa” izango dela adierazi du Osinaldek. Bestalde, turistifikazioak sor ditzakeen “eragin negatiboei aurre egiteko” jarrera erakutsi du.
Goierri erreferente

Azahara Dominguez bere hitzartzean.Ariane Vierbücher
Azahara Dominguezek ere urte hauetan guztietan egindako lana goraipatu du: “Gure bereizgarri diren jasangarritasuna eta esentzia izan dituzue oinarri, eta horregatik izan zarete erreferente”, eta Goiturreko langileak eta inguruan izan dituzten eragileak zoriondu ditu, “Goierri erreferentziazko helmuga bihurtzeagatik; duela 25 urte, eskualde industrial honetan jarduera turistikoaren aldeko apustua egiteagatik; dozenaka familientzat iturri ekonomiko berri bat zabaltzeagatik; Gipuzkoako gainontzeko eskualdeekin betik eskuzabalik izateagatik; izaera berritzaileagatik eta Goierri Gipuzkoako helmuga turistikoa adimentsuaren bereizgarria duen lehen eskualdea bihurtu izanagatik eta lortutako sariengatik”.
Goitur, “ispilu” bat da Dominguezen esanetan, non Gipuzkoako industria turistikoak bere buruari begiratu ahal izan dion aurrera egiteko. Horrekin batera, nabarmendu du, Foru Aldundiak sustatu nahi dituen “hiru erakargarritasun nagusiak uztartzen” jakin duela: “lehen mailako gastronomia; ingurune natural pribilegiatua; eta milaka urteko kultura”. Horrela, Gipuzkoa bisitatzen dutenentzat Goierri “ezinbestekoa” bihurtu dela azpimarratu du Dominguezek. Ordizia eta Segurako herriguneak, Zeraingo mehatzeak, Idiazabal gaztaren ibilbidea, Txindoki eta Aizkorri inguruak, eta Ehunmilak eta Zegama Aizkorri bezalako kirol hitzordu garrantzitsuak zerrendatu ditu ondo egindako lanaren adierazgarri.
Goiturren lanari esker, “Gipuzkoako bataz besteko egonaldiak gora egin du, eta turismoak ekonomian duen pisua hazi egin da”. Horregatik, etorkizunari “ilusioz” heltzeko gonbita luzatu die erakundearen arduradunei.
Turismo jasangarria eta berrikuntza
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok izan da hitza hartzen azkena. “Urteurren honek erakusten du Goierriren arrakasta udalerri guztien eta bertako turismo-eragileen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren emaitza dela”, nabarmendu du sailburuak.

Javier Hurtado sailburua bere hitzartzean.Ariane Vierbücher
Eusko Jaurlaritzak Goierri eta Goitur babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Helburu partekatuen artean, DTI eta ETI programak bultzatzea, turismo industriala, naturakoa, gastronomikoa eta MICE (Meetings, Incentives, Conventions, Exhibitions) bezalako produktu turistikoak garatzea nabarmentzen dira.
Sailburuak gogoratu duenez, Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Planetara bideratutako Europako Funtsetan 80 milioi eurotatik ia 3 milioi Goierriri esleitu zaizkio, Ordiziako harrera-azpiegiturak hobetzeko eta eskualdeko eskaintza gastronomikoa indartzeko. Gainera, 1,3 milioi euro bideratu dira Donejakue Bideari lotutako ondarea balioan jartzeko, baliabide enblematikoei mesede eginez, tartean Igartzako Monumentu Multzoa, Iriarte Erdikoa etxea Ormaiztegin eta Lardizabal jauregia Seguran.
Goiturren urteurrena Goierrirentzat “inflexio-puntu” bat dela adierazi du Hurtadok. “25 urte hauek hasiera baino ez dira. Elkarrekin, turismo jasangarria, lehiakorra eta gure komunitatearen zerbitzura dagoena eraikitzen jarraituko dugu”.
Goierri industriala turismoari zabaldu
1995 urtean ekin zion Goierri beheak turismoaren aldeko apustuari. Urte horren inguruan izandako krisi ekonomiko eta sozial larriaren ondoren, orduko ordezkari politikoek eskualdeko garapen agentzia sortzea erabaki zuten. Lehenik eta behin, eskualdeko plan estrategikoa egin zuten, non bi helburu nagusiak islatu ziren: lehenik eta behin, eskualdeko industria mantentzea eta sendotzea, eta bigarrenik, ekonomia dibertsifikatzeko beste bide bat irekitzea aisialdiaren eta turismoaren inguruan. Bigarren helburu horren jarraipen gisa, turismoa garatzeko plan bat egin zen.
Aitzindaria izan zen Euskal Autonomia Erkidego osoan. Eskualde bat helmuga turistiko izateko diseinatzen zen lehenengo plana izan zen, zer eta Goierri bezalako eskualde industrial baterako. Baina sektore ekonomiko nagusia industria izanda ere, turismoaren aldeko apustua egin zuten, eta horrela sortu zen Goitur Goierri Turismo agentzia 2000. urteko martxoaren 22an, erakunde publiko eta pribatu desberdinen babesarekin.
25 urteren ondoren, erakundeak turismoa dinamizatzen jarraitzen du historikoki industriala izan den eskualde batean, jasangarritasuna, berrikuntza eta gobernantza balioak oinarri dituen turismo-eredua izanik. Horri esker, 2023an helmugaren kudeaketa arduratsu eta jasangarriari Euskadi Turismo Saria eman zioten.
Gaur egun, Goitur arduratzen da eskualdeko produktu turistikoa sortzeaz, egituratzeaz eta dinamizatzeaz, beti ere, jasangarritasuna ardatz izanda, helmugaren lehiakortasuna gobernantzatik lantzeaz eta hura sustatzeko ekintza egokiak egiteaz (gidak argitaratzea, azoketara joatea, informazioa,…) pakete turistikoak definitzeaz eta antolatzeaz, komertzializazio turistikorako ekintzak, marketina eta branding-az, etabarrez, Goierriko enpresen lehiakortasuna lortze aldera, eta Helmuga Turistiko Adimenduna izateko bidean.