Haziak protagonista, Segurako 23. lore eta landare azokan
Bihar ‘Haziak’ liburuaren aurkezpena egingo dute. Larunbatean Dantzari Txiki eguna ospatuko da. Azokan 10 ekoizlek jarriko dituzte lore eta landare postuak igandean.

Segurako lore eta landare azoka udaberriaren hasieraren lekuko izaten da urtero, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Igandean egingo dute 23. azoka Segurako Lore Azoka taldeak antolatuta. Aurretik, bihar Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren aurkezpena eta hitzaldia egingo dituzte.
Urtero bezala lore, landare, hazi eta barazki-landareen erakusketa eta salmenta izango dira nagusi igandeko azokan, baina Segurako azoka hori baino askoz gehiago da. Haziak «lehen mailako ondare naturala eta kulturala» dira antolatzaileen hitzetan eta azoka, horren aldeko aldarria ere bada, nolabait. Garrantzia ematen diote «tokiko barietate ezberdinen» ezagutzari baita, hala nola «erabilpenerako teknikak ezagutu edo ereintzarako erak, sasoiak eta tokiak jasotzeari» ere. Horri lotuta egingo dute Haziak liburuaren aurkezpena bihar (19:00etan Danon Gelan), Aleka hazi ekoizleen sareko fundatzaileak, Miguel Arribas Kelok eta Marc Badalek elkarlanean argitaratutakoa. Ondoren, solasaldia egingo dute bertaratutakoen artean.
Goierritarren presentzia
Igandean, 10:00etan irekiko dute azoka. Urtero bezala, hainbat ekoizlek jarriko dituzte lore, landare eta barazkien postuak. Aurten, 10 izango dira guztira, gipuzkoarrak denak Zaragozako Abel La Arena, salbu. Goierritarren artean, Segurako Aldatagoiena lorategikoak izango dira, baita Zaldibiako Iñaki Azalza ere. Artisauen postuek eta Euskal Herriko produktuen postuek osatuko dute azokako eskaintza. Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10 ekoizle izango dira guztira; goierritarren artean, Mutiloa, Segura eta Zeraingo ekoizleak izango dira behi eta ardi gaztak, eztia eta talo eskaintzarekin..
Gainera, fruta arboletan egin daitezkeen txerto mota ezberdinen inguruko zalantzak argituko ditu Josu Osa adituak 10:30etik 14:00etara; eta Ataungo Sandra Madutxak, artilezko loreak egiten ikasteko ikastaroa egingo du 11:00etatik 12:30era.
Dantzari txiki
Azokaz gain, udaberria Dantzari Txikien testigu ere izaten da. Seguran, larunbatean izango da Goierriko egutegiko lehengo Dantzari Txiki eguna, Azpilla dantza taldeak antolatuta.