Iñigo Calvo Samaniegoren 'Basoa' erakusketa
Ordiziako Barrena jauregiaren atarian ordiziarraren 21 lan ikus daitezke, argizarizko margoez margotuak. Apirilaren 4ra arte dago irekita.

Iñigo Calvo Samaniego Samak (Ordizia, 1982) lehenengo erakusketa jarri du Ordiziako Barrena jauregiko atarian. Argizarizko margoekin egindako 21 koadro koloretsuekin, Basoa izeneko erakusketa osatu du ordiziarrak. Aurretik collagearekin eta diskoekin erakusketak eginak ditu Calvok, baina argizarizko margoekin egindako lehenengoa da Barrenan jarri duena. Apirilaren 4ra arte dago ikusgai.
Samaren esanetan, «koloreari garrantzia eman» nahi izan dio: «Oinarritzen naiz baso magiko eta koloretsuetan, urtaro desberdinetako koloreei begiratuz». Basoko bizidunei ere arreta berezia jarri die: fosilak, animaliak, eguzkia, arrautzatik jaiotzen ari den txoria, azeria, haziak… «Espero dut jendea etortzea erakusketa ikustera eta iritziak partekatzea», dio ordiziarrak. Ibon edo mendiko lakuak, elurra eta Etna sumendia ere ekarri ditu erakusketara.
Emaitzarekin «oso gustura» geratu da Sama. «Arrasaten San Joan de Diosen ere jarri nuen erakusketa. Jende asko joan zen ikustera. Poztasun handia ematen dit jendeak parte hartzen duela ikustea. Eta Barrenako ataria leku ona da horretarako».
Esperimentatzen
Diseinatzaile grafikoa da eta gogoko du margoekin esperimentatzea, etxean duen tailerrean. «Collagea asko gustatzen zait. Orain nahastu nahi dut akrilikoa collagearekin. Ea zer ateratzen den. Abstraktuan ere ari naiz esperimentatzen, argizariekin, A3 neurrian». Grafitiren bat egitea ere gustatuko litzaiokeela aitortu du, «pareta txuri baten gainean, hiru spray hartuta».