II. Ekotopaketak aurkeztuko dituzte Biziolan
Jauzi Ekosoziala dinamikako kideek martxoaren 28an eta 29an Arrasaten izango den edizioaren berri emango dute.

Duela bi urte hasitako ekimenari bultzadatxo bat eman nahi izan dio aurtengoan Jauzi Ekosozialak, eta horregatik, Euskal Herriko II. Ekotopaketak antolatu dituzte, «ekologismo berria indartzen jarraitzeko» eta «trantsizio ekosozialerako bidea eraikitzeko». Martxoaren 28an eta 29an Arrasaten izango da aurtengo edizioa, Trantsizio ekosoziala hobeto bizitzeko lelopean, baina lehenago, Jauzi Ekosozialeko kideek aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Goierrin ere egingo dute geldialdia; bihar, osteguna, Biziolan izango dira 18:30ean, eta, besteen artean, Ekotopaketetako egitaraua aurkeztuko dute, ekimenaren funtzioak eta helburuak azaltzeaz gain. Antolatzaileek nabarmendu dute jardunaldiak «ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko apustua» izango direla, eta baliagarri izango direla, bide batez, ingurumenarekin lotutako auziei buruz hausnartzeko, antolatzeko eta saretzeko.
Hainbat dira jorratuko dituzten gaiak: turismoak dakartzan ondorioak, mugikortasun eredua, euskal gizartearen izaera industriala eta honen norabidea, zein elikadura burujabetza. Are, gazte ekologisten ikuspuntua jorratzeko eta mugimendu ekologisten estrategiaren gainean hausnartzeko aukera ere egongo da. Bertaratzera animatzeko deia egin dute Jauzi Ekosozialeko kideek.