Legazpiko EH Bildu "atsekabetuta", ez delako izango Donostiara joateko autobusik
Goierri eta Donostia lotuko dituen autobus zerbitzua ez omen da Legazpiraino iritsiko, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Gipuzkoako EH Bilduri jakinarazi dionez.

Legazpiko EH Bilduk bere atsekabea azaldu du, Goierri eta Donostia lotuko dituen autobus zerbitzua ez delako Legazpiraino iritsiko, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez. Aldi berean, autobus linea horretan Legazpi ere sartzeko eskaera berretsi du, eta “Goierriko errepide bidezko mugikortasuna modu orokorragoan aztertzeko” eskatu du, “batez ere, Donostiako Ospitalearekin egiten den lotura”.
EH Bilduko ordezkariek gogoratu dutenez, iazko azaroan iragarri zuen Azahara Dominguez diputatuak Goierri eta Donostia egunero autobusez lotuko zuen autobus linea. Autobusa Zumarragatik abiatuko zela esan zuen, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo zituela geldiuneak Donostiara iritsi aurretik. “Guk ez genuen ulertzen autobus linea hori zergatik ez zen Legazpitik abiatuko”. Horren aurrean, Goierri-Donostia linean Legazpi txertatzeko eskaera egin zuten, “Legazpi baita trenez Donostiarekin konexio txarrena duen herria”.
Legazpiarron artean zegoen “ezinegonaz jabeturik”, eta alkateak zein Dominguez diputatuaren alderdikide sozialistek egindako eskaerari erantzunez, autobus linea berrian Legazpi ere sartzeko aukerak aztertzeko konpromisoa hartu zuen Aldundiak, baina diputatuak “bete ez duen konpromisoa” izan da.
Gipuzkoako EH Bilduk urtarrilean lineari buruz egindako informazio eskaeraren erantzunean, autobusa Zumarragatik abiatuko dela zehazten da, eta Beasainen, Ordizian eta Tolosan egingo dituela geldialdiak Donostiara iritsi aurretik. Bertan, Ibaeta auzotik sartuko da, eta unibertsitateetan, Benta Berrin eta autobus geltokian geldituko da.
Hau horrela, “gure haserrea adierazi nahi dugu Legazpi linea horretan ez sartzeagatik, eta horrekin batera, adierazi nahi dugu Goierriko eskualdea errepide bidezko garraio zerbitzu publiko batekin lotzeko proiektuak kontuan hartu beharko lituzkeela Goierriko gainontzeko herriak, baita Donostiako ospitalea ere helmuga gisa. Horrelako proiektu batek azterketa sakonagoa behar duela uste dugu, eta goierritar guztion beharrak kontuan hartu behar direla”.