«Liburua mendizale familia honen bultzatzaile nagusia izan zen Antton Burcio omentzeko sortu zen»
Duela bost urte hil zen Antton Burcio lagun mina gogoratzeko, harekin osatu zuen mendizaleen familiari eskainitako liburua argitaratu du Txusma Perez Azazetak. Bihar aurkeztuko du, Latxartegin.

Liburu berria, eta orain arte idatzi dituenetatik pertsonalena da The mountain family, Txusma Perez Azazeta mendizale legazpiarrak bihar Latxartegi aretoan aurkeztuko duena. Lagun mina eta mendiko abenturetan kide zuen Antton Burcio zena omendu nahi izan du bertan.
Liburu desberdinarekin zatoz.
Bai. Orain arte makina bat idatzi ditut mendiari buruz, eta mendiko gidak, baina hau orain arte argitaratu dudan lanik pertsonalena da. Eta gainera, nik idatzitako kontaketak jaso ditut bertan, lehen aldiz.
Zergatik da hain pertsonala?
Gure kuadrillan, gure mendizale familian azken 50 urteetan mendian bizitakoa kontatzen dudalako. Gainera, liburu hau omenaldi gisa sortu zen, hain justu mendizale familia honen bultzatzaile nagusia izan zen Antton Burcio laguna omentzeko. Nirekin batera, hasiera-hasietatik dago familia honetan, eta badira bost urte gure artetik joan zela.
Aspaldi sortu zenuten familia?
Bai. Brinkolan hasi zen guztia. Anttonek 8-bat urte zituela, 1960ko hamarkadan, bere sendia Extremaduratik etorri zen hona, eta Brinkolan jarri ziren bizitzen. Auzoko eskolan Avelino izan zuen maisu, eta hari eskerrak landareak, zuhaitzak, abereak, izarrak… bereizten ikasi zuen, naturaz gozatzen azken batean. Orduan erabaki zuen heldutan mendizale izan nahi zuela.
Eta gero zuekin elkartu zen.
Legazpira jaitsi ziren gero bizitzera Burciotarrak, eta Antton eta bere lagunak, gu baino urte pare bat zaharragoak ziren arren, gurekin elkartu ziren, mendiarekiko interesa konpartitzen genuelako. Gu Juankar Agirre, Xabier eta Jose Luis Arrazola anaiak, Juanjo Carmona eta neu ginen, eta bere aldetik Javier Aldea eta Ignacio Garcia zeuden. Denon artean talde trinko bat osatu genuen, helburu amankomuna zuena, hau da, mendia.
Zuk harreman berezia izan zenuen berarekin, gainera.
Bai, hasiera-hasieratik oso ondo moldatu ginen elkarrekin, eta eskalatzen hasi ginen, bidaiak egiten… Nire maisua izan da, nire mentorea.
«Gure kuadrillan, gure mendizale familian azken 50 urteetan mendian bizitakoa kontatzen dut»
Nola dago familia hori orain?
Liburuaren sarreran Maribel Armendarizek esaten duen bezala, 50 urte hauetan familia aldatzen joan da, baina nukleoa mantendu dugu. Antton beraz gain, Mikel Oskoz ere hil zen, eta hura ere oso garrantzitsua zen familiaren barruan, gure nolabaiteko gidaria zelako mendiko bideetan. Jende berria ere etorri da, Brinkolako Jesus Martinez bezala, gu baino gazteagoa dena, baina gurekin joaten da mendira. Batzuk joan egin dira, beste batzuk etorri… baina garrantzitsuena da oraindik astero irteten dugula mendira, ostegunero. San Jueves deitzen diogu egun horri, eta horietako batean sortu zen liburu hau idazteko ideia.
Nolakoa zen ideia hura?
Antton oso garrantzitsua izan da euskal mendizaletasunean. Besteak beste, mendi federazioko erreskate taldearen bultzatzailea izan zen, mendiko nazioarteko gidari titulua izan zuen lehenetakoa izan zen, Benasqueko Mendi Eskolako hastapenetan egon zen, federazioko teknikari izan zen 30 urtetik gora, Zegama-Aizkorri maratoian segurtasunaren arduraduna izan zen… Ibilbide horretan zehar lagun asko egin zituen, eta liburuari begira, pentsatu nuen horiek ere lekua izan behar zutela bertan. Guztiei ideia ona iruditu zitzaien hari buruzko liburua egitea, eta denek lagundu dute. oso pozik geratu gara guztiok emaitzarekin.
«Oraindik astero irteten gara mendira, ostegunero. San Jueves deitzen diogu egun horri»
Eta zein da emaitza?
Liburu xumea da, positiboa, alaia, entretenigarria. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arteko ibilbideari errepasoa egiten diogu, kapitulutan banatuta. Lehenengoak nik idatzi ditut, hasierako urteei buruzkoak, eta Kanalaundira egiten genituen igoerak, igandero urteetan zehar eskalatzera Eginora egiten genituen irteerak, bitxikeriak… Horiek, bitxikeriak, bere garaian barregarriak iruditzen zitzaizkigun, baina gaur begiratuta, batzuetan arduragabeak ere izan ginela ikusten dugu. Horietako bat Irungo neska batzuekin Aralarren egin genuen zeharkaldia izan zen: elurra egiten zuen, hotza, galdu egin ginen behin baino gehiagotan, trena galdu genuen, gaua Altsasuko tren geltokian egin genuen… Onena izan zen neskak ez zirela gurekin haserretu.
Legazpiko mendizaletasunaren mugarriak ere jaso dituzue.
Bai. Biok Marokora 1979an egin genuen lehen espedizioa, 1983an Akonkaguara joan ginekoa… eta nik Himalaiara egindako bidaiak. Horiek guztiek lekua dute liburuan.
Kolaboratzaile ugari izan dituzu.
Aitor Casadok, adibidez, Izadi Zaleak elkarteari buruz idatzi du, Legazpirentzat eta gure taldearentzat oso garrantzitsua delako. Federazioko mendi erreskate taldean Anttonekin egon zirenak. Zegama-Aizkorriri buruz idatzi du Ramon Malkorrak. Gure familiara iritsi den azkenetakoa den Jesus Martinez brinkolarrak… Kontakizun pertsonalak egin dituzte guztiek, benetako gertakariei buruz idatzi dute. Aitona-amonen modura kontatu ditugu istorioak, baina mendira gazteak ere joaten direla jaso nahi izan dute, eta horregatik nire alaba gazteenak ere idatzi du. Saioa Carte da, eta 12 urte zituela gurekin Himalaiara, Anapurnara egin zuen bidaiaz idatzi du.
Irudiak ere bere tokia du liburuan.
Nik argi nuen kontakizuna izango zela nagusi, argazkirik gabe, eta marrazkiak bakarriksartuko nituela. Marrazki horiek nire iloba Ane Cartek egin ditu, liburuak dituen 25 kapituluetako bana, plumilaz egindakoak, beltzean.
Baina argazkiak ere badaude.
Bai. Liburu hau, azkenean, auzolanen egin dutu, eta besteek esan zidaten argazki batzuk ere agian beharrezkoak zirela. Ba azkenean sartu ditugu, bukaeran, gutxi batzuk, batez ere familia honen partaideak agertzen direna. 25-bar argazki daude, eta horietan ikusgarritasuna ematen zaie 50 urte hauetan gure mendizale familia osatu dutenei. Argazki gehiago ere badaude, 200 inguru, eta horiek liburuan jarri dugun Qr kodearen bidez ikusi daitezke. Biharko aurkezpenean ere proiektatuko ditugu.
Nolako aurkezpena izango da?
Nahiko bisuala izango da, ikus-entzunezko hori emango dugu. Nirekin batera Aitor Casado, Maribel Armendariz, Juankar Agirre… izango dira. Juankar aipatu behar dut. Hasiera-hasieratik egon da proiektuan, eta asko lagundu dit dokumentazioarekin. Dena apuntatuta dauka, eta nik gogoratzen ez ditudan gauzetarako oso ondo etorri zait. Gainera, Himalaiara espedizio bat egin nuen berarekin.
Ibilbide motza du oraindik liburuak, baina nolako harrera ari da izaten?
Oso ona, egia esan. Antton urrutira heldu zen, eta ezagutu zuten leku askotatik ari dira deitzen, Donostiatik, Gasteiztik, Iruñetik, Errioxatik, Benasquetik… Aurkezpen gehiago egingo ditugu, eta besteak beste, Zegama-Aizkorri maratoian izango gara, maiatzaren 25ean, eta Brinkolan ere bai irailean, Aizkorrin Barrena mendi martxan.

Mendizale familiaren hasierako argazkia, Gorostiaga mendian, 1973an: Xabier Arrazola, Javier Aldea, Juankar Agirre, goian Txusma Perez Azazeta, Antxon Burcio eta Juanjo Carmona.

Kuadrilla Brinkolan, 2018ko Aizkorrin Barrena mendi martxan: Jesus Mari Segurajauregui, Maribel Armendariz, Jesus Martínez Sanchez-Dehesa, Juanjo Carmona, Antxon Burcio, Sara Carte eta Txusma Perez Azazeta. Atzean, kartelean, Mikel Oskoz. Mila esker