Sagarrak joan, eta landare berriak etorri
Sagarrekin batera, Simon Aizpuruk ere agur esan dio feriari. Lekak, piperrak eta zainzuriak daude iritsi diren landareen artean.

Neguko azken feria izan da gaurkoa, eta udaberriaren iritsieraren bezperakoa i, gainera. Ateri egin du goiz osoan, eta aurreko egunekoekin alderatuta tenperatura epelagoa ere sentitu da. Horrek eraginda edo, jende asko ibili da goizean plazan eta inguruko kaleetan, baita telebista kamerak eta kazetariak ere, EITBko Sustraia programakoak batzuk, eta Canal Cocina katekoak beste batzuk. Bisitak ere izan dira D’Elikatuz zentroko gidarien esanetara feria ikusten. Andoaingo Leizaran Institutuko 29 ikasleena eta Bizkaiko Trapagarango 55 jubilatuen izan dira talde handienak, baina txikiagoa eta gertuagokoa ere ibili da, Idiazabalgo Herri Eskolako 20 ikasleena, hain zuzen.
Ikasle horiekin gustura aritu da Simon Aizpuru errezildarra, denboraldiko azken sagarrak saltzen. Topac motakoak zituen, eta horiek agortuta, amaitutzat eman du aurtengo salmenta garaia. Pozik agurtu da Ordiziatik, denboraldi ona egin duelako, eta erosleei Ibarbi edo errezil sagarretik harago mota gehiago ere badagoela erakutsi, eta horietara zaletu dituelako. Uda amaieran itzuliko dela agindu du, sagar berriekin.
Landare eskaintza ugaritzen
Neguarekin batera, sagarrak joan dira, beraz, baina udaberriak gauza berriak ekarriko ditu, eta tartean izango dira landareak. Horien eskaintza geroz eta zabalagoa da, eta gaur berriak ere iritsi dira. Hala, Ibarrako Iguategikoek leka landarea (0,40 euroan), piper italiar berdea (0,20 euro) eta Robin motako tomatea (o,70 euroan) aurkeztu dituzte, zainzuri zuztarrekin batera.
Azken horiek, zainzuriek, erosleen arreta erakarri dute, askoren ustetan hemen ez delako ematen. Esther Illarramendik kontrakoa esaten zien, hemen inguruan ere ondo egiten direla zainzuriak, baina hondar-lurra behar dutela ohartarazi die, zuztarrak nola landatu azaltzen zien bitartean.
Lore berriak
Urtaro berriarekin, baratzerako eta sororako landareak bakarrik ez, etxeak eta etxe inguruak apaintzeko loreak ere ugaritzen hasiak dira.
Duela gutxi geranio arrunta, diplademia eta hiazintoa iritsi ziren Iñaki Azanzaren postura, eta atzo huntza motako geranioa (arruntaren prezio berean, 2,90 euroan) eta begonia (1,5 euroan) jarri zituzten salgai.
Zizarik ez, oraingoz
Udaberriak perretxikoak ere ekarri ohi izan ditu, bereziki hain preziatuak diren zizak. Asko dira Mikel Lasaren postura hurbiltzen direnak perretxiko zuri txiki horren peskizan, baina oraindik ez da batere iritsi feriara.
Ez feriara, ez inguruko belardi eta basoetara ere. Perretxikozaleek diotenez, ez dago oraindik. Itxaron egin beharko da momentuz.
Plazako babes panelak
Eta itxaronaldia agortu zaie Plaza Nagusiko saltzaileei, gaur babeserako panelak estreinatu dituztelako azkenik. Haizetik, euritik eta eguzkitik babesteko elementuak jartzeko lanetan murgilduta egon da udala azken asteetan, eta goitik beherako gortina handiak instalatu eta gero, beheko aldea babesteko panelak falta ziren.
Esan bezala, gaur jarri dituzte lehen aldiz, baina ez dituzte saltzaile guztien espektatibak asetu, batzuk kexu zirelako horien tamainarekin eta egonkortasunarekin. Beste aldean, gustura geratu direnak ere badira.