Ataungo EAJk elkartasuna adierazi die alkateari eta udalkideei
Martin Aramendi alkatearen aurkako pintaketak gaitzetsi ditu alderdi jeltzaleak. "Desadostasunak modu zibilizatuan adierazteko" deia egin du.

Ataungo EAJk astelehenean sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez gaitzetsi zituen asteburuan herrian izandako gertaerak. “Alkateari eta udaleko kideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, eta era berean, dei egiten diegu guztiei desadostasunak modu zibilizatuan adieraztera”.
Ataungo jeltzaleek “irmoki gaitzetsi” dituzte Martin Aramendi alkatearen aurka egindako pintaketak. “Horrelako ekintzak eta eraso pertsonalak ez dira onargarriak inorentzat, eta gutxiago gure herriko alkatearentzat”.
Oharrak dioenez, Ataunen badaude “mekanismo demokratikoak” desadostasunak adierazteko eta proposamenak aurkezteko. “Udala da horretarako tokia, eta eztabaida politikoa errespetuz eta era demokratikoan egin behar da”. Hala, herritar guztiei egin die dei “elkarbizitza eta errespetua lehenesteko, eta horrelako ekintzak alde batera uzteko”.