Bosgarren lana martxan da
Hamar urteko ibilbidea ospatzeko, ‘It’s on’ diskoa kaleratu du John Dealer & The Coconuts taldeak. Etzi aurkeztuko du Azokan, El Noi del Sucre taldearekin egingo duen 'Oholtza Bete Bihotz' kontzertuan.

Otsail bukaeratik dago entzungai plataforma digitaletan It’s on, John Dealer & The Coconuts taldearen azken lana, eta zuzenean ere aurkeztu dute, Zaragozan. Baina aurkezpen ofiziala larunbat honetan izango da, Legazpin bertan, Oholtza Bete Bihotz kontzertuan. Azokan izango da hitzordua, 22:30ean. Sevillako El Noi del Sucre taldeak osatuko du kartela.
Kontzertu bira egingo dute legazpiarrek lan berria aurkezteko, eta ekainera arte dagoeneko hamar-bat emanaldi dituzte lotuta. Baina larunbatekoa «inportanteena» izango da, taldekide den Noel Calvok nabarmendu duenez, herrian bertan delako, eta «Andoni eta Iñurriren omenezko kontzertua» izango delako. Gainera, El Noi del Sucreren aurretik jotzea plus bat izango da legazpiarrentzat, «estatu mailan izen handiko taldea delako».
Kontzertuan joko duten bi taldeek erakarrita, sarrera guztiak agortuta daude. Salgai jarri eta egun gutxira saldu ziren. Azokan 750 musikazale inguru elkartuko dira, eta legazpiarrak «ilusioz beteta eta kristoren gogoarekin» daude. «Berezia izango da».
Hamar urte, eta disko berria
Taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko kaleratu dute It’s on. CDak zein biniloak dira, eta kontzertuetan izango dituzte salgai. Zazpi abestiz osatuta dago, ingelesez idatziak eta abestuak. «Estiloa beste lanen antzekoa da, baina beste ukitu bat du», Calvoren esanetan. «Eboluzio bat izan dugu, eta hobetu ere bai, egin dugu. Aurrera goaz, eta ateratzen dugun hori, aurrekoa baino hobea izaten saiatzen gara». Bitxikeri bat ere badu lanak: «Gure lehen abestia grabatu dugu, moldaketa txiki batzuekin. Detaile polita da gure hamar urteak ospatzeko».
Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuten azaroan, nazioarte mailako teknikarien laguntzarekin. Soinu ingeniari den Ola Ersfjord suediarra produkzioaz arduratu da, eta Kurt Baker musikari estatubatuarraren laguntza ere jaso dute, eta azken honi esker, «hots sendo bat» lortu dute, «arrasto sakon bat uzteko asmoarekin».
Madrilgo Ghost Highway Recordings zigiluarekin kaleratu dute, eta horren webgunean erosi daiteke biniloa. Bi edizio egin dituzte: arrunta eta japoniarra. Edizio mugatua da japoniarra, 100 ale bakarrik. Poster bat ere badaramate diskoek.
Kontzertuetan ere izango dituzte salgai.
Hasierako formazioarekin
Subeltza kolektiboaren barruan sortu zen John Dealer & The Coconuts, eta hasierako formazioarekin jarraitzen du: Iñaki Ormazabal bateria, Iñigo Caballero gitarra, Andoni Dominguez baxua, eta Noel Calvo gitarra eta ahotsa. Betiko estiloa ere mantendu dute, «rock&roll nahiko purua».
Bide luze honetan bost lan kaleratu dituzte. Maketa bat grabatu zuten 2016an, We will get together in hell lehen diskoa 2018koa da, eta Red light stories bigarrena, 2020koa. Hurrengo urtean Snake charmers EPa argitaratu zuten. Bosgarrena da It’s on.
Kontzertuetan jotzea gustatzen zaie batez ere legazpiar hauei, «egindako lana jendearen aurrean defendatzea». Iaz 30 kontzertu egin zituzten, aurrekoan ere antzera, eta aurten, disko berriarekin, izango dira gehiago. «Asko gustatzen zaigu areto eta taberna txikietan jotzea, eta gure musika beste herri eta hiriburuetara helaraztea».

John Dealer & The Coconuts musikari legazpiarrek El Noi del Sucre Sevillako taldearekin joko dute larunbatean, Andoni Zabaleta, Igor Iñurritegi eta Pau Alsinaren omenezko Oholtza Bete Bihotz kontzertuan. Azokan izango da kontzertua, Legazpiko Udalak eta Beti Gazte Animakzio Elkarteak antolatuta, Txo!esna eta Odisea Records-en laguntzarekin batera. Sarrerak agortuta daude.
Oholtza bete Bihotz kontzertuaren bigarren edizioa izango da. Iazko San Ignazio auzoko jaietan egin zen lehen edizioa, eta bertan parte hartu zuen auto istripuz hil ziren hiru gazte haiek gustuko zuten El Noi del Sucre taldeko abeslari Lorenzo Moralesek. Oraingoan, talde osoa izango da oholtzan. John Dealer & the Coconuts ere bertan izango da, San Ignazioko kontzertu hartan bezala