Istorioen eta ipuinen azoka
XVIII. Ahoz Aho jaialdiaren barruan, etzi, saio berezia egingo dute Ordizian, Plaza Nagusiko eraikinaren 100. urteurrenari buruz. Zortzi kontalari izango dira, tartean, Marisol Cavero, Urtzi Gorostiaga eta Arrate Leunda.

Duela hemezortzi urte Ordizian eta Tolosan hasi zuen ibilbidea Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak, Intujai Teatro taldearen eta udalen elkarlanetik. Urtetik urtera, herri eta kontalari gehiago batu dira Euskal Herriko kontalaritza jaialdi garrantzitsuenera. Aurten, martxoaren 5etik apirilaren 5era, hemezortzi herritan 32 kontalarik 50 kontaketa saio egingo dituzte.
Istorioen eta ipuinen azoka bat bailitzan, kontaketa saio berezietako bat, larunbatean, Ordizian egingo dute, 18:00etan, Plaza Nagusiaren 100. urteurrenari keinu eginez. Iñaki Carretero, Maider Alzelai, May Gorostiaga, Ixabel Agirresarobe eta Patricia Mc Gillekin batera, hiru goierritarrek hartuko dute parte: Marisol Cavero eta Arrate Leunda ordiziarrek, eta Urtzi Gorostiaga ataundarrak.

May Gorostiaga.
Azokari buruzko istorioak
Larunbatean, bertsolarien gisan, gaia jarrita, azokari buruzko istorioak kontatuko dituzte, gune desberdinetan banatuta. Azoketan bezala, postuz postu, gonbita egingo diete herritarrei batetik bestera ibiltzeko, zortzi kontalariren zortzi istorio entzuteko.
Intujaiko May Gorostiagak aurreratu duenez, Iñaki Carretero, Maider Alzelai eta hirurek, bizikleta banarekin, hiru toki desberdinetan, Japonian jatorria duen kamishi-jai teknikarekin kontatuko dituzte ipuinak. «Paperezko antzerkitxoak dira, Japonian tradizioz ipuinak kontatzeko erabili duten teknika da. Marrazki laminak pasatuz kontatzen dira ipuinak».
Gorostiagak nabarmendu duenez, «Erdi Aroan Japonian mojeak joaten ziren astotxoekin herrixketara jendea alfabetatzera eta jendeari istorioak kontatzera. 1910ean Japonian krisia zegoela eta, langileak lantegietatik ateratzean, bizikleta batean jartzen zuten halako teatrillo bat eta plazaz plaza joaten ziren ipuinak kontatzen, eta bukaeran goxokiak saltzen. Guk goxokiak ez ditugu jarriko».
Hiru goierritar
Beste bi gune ere egokituko dituzte. Plazako beste gune batean, Ixabel Agirresaroberen eta Patricia Mc Gill uruguaitarraren postua izango da, eta hantxe ariko dira kontu-kontari. «Patricia Mc Gill Ahoz Ahoko aurtengo gonbidatua da eta Agirresarobek iaz Kalabaza Saria jaso zuen».
Eta gune berezia izango dute Goierriko hiru kontalarik. Plaza Nagusiko postuan egongo dira Marisol Cavero eta Arrate Leunda ordiziarrak, eta Urtzi Gorostiaga ataundarra. Ordiziako azokarekin eta plazarekin lotura duten ipuin edo istorio bana kontatuko dutela aurreratu dute. Bata zein bestea, mimo handiz prestatutakoak.
Urtzi Gorostiaga finalean
Gorostiagaren lanak ez dira larunbatean bukatuko, apirilaren 4an, Ahozkotasunaren Gala Nagusian, XIII. Ipuin Narrazio Lehiaketaren finalean parte hartu beharko baitu. Pasa den ostiralean D’elikatuzen egin zen kanporaketan lortu zuen ataundarrak finalerako txartela, Maria Alonsorekin eta Asier Zubiarekin batera