Zilarrezko Haria dei solidarioen sprinta egingo du Legazpiko Nagusilanek hilaren 28an
Adineko pertsonekin lan egiten duten legazpiar boluntarioen elkarteak 25. urteurreneko ekitaldiak hasiko ditu horrela. Gizarte Zentroan 'call centre' bat jarriko dute, bakarrik dauden pertsonei telefonoz deitzeko. Sei ordu iraungo du jarduerak.

Zilarrezko Haria telefono dei solidarioen sprinta egingo dute Legazpin datorren ostiralean, martxoak 28, eta horrekin Legazpiko Nagusilan elkarteak bere 25. urteurrenaren ospakizunei hasiera emango die. Gizarte Zentroan ‘call centre’ bat jarriko dute, nahigabeko bakardadean dauden pertsonei telefono deiak egiteko. Legazpiko Zilarrezko Haria sprint hau 10:00etatik 16:00etara egingo dute.
Nagusilanek udalaren laguntza jaso du jarduera honetarako, eta gaur goizean egin dute aurkezpena bi erakundeetako ordezkariek. Asun Ugarte eta Mika Garcia aritu dira Nagusilaren ordezkari gisa, eta Eric Galvez alkatea eta Nerea Lopez de Heredia gizarte gaietako zinegotzia udalaren aldetik.
Zilarrezko Hariaren garrantzia
Nagusilan Legazpi 2000. urtean sortu zen, eta gaur egun 43 boluntario ditu udalerrian. Elkartearen helburua heldu nagusien artean nahi ez den bakardadeari aurre egitea da, “zoritxarrez, gaurko gizartean pertsona askok bizi duten errealitatea da hori”, zehaztu dute Legazpiko boluntarioek. Babesa emateko programen, laguntza emozionalaren eta jarduera sozialen bidez, adinekoei komunitate eta kide izatearen zentzua itzultzea bilatzen dutela azaldu dute.
Aurten “proiektu garrantzitsu bat” dutela ere esan dute, “ilusioz betetzen gaituena”. Zilarrezko Haria da, eta “ahalik eta ikusgarritasun handiena eman nahi diogu”. Telefono deiak dira muina, Nagusilaneko boluntarioek hainbat arrazoi direla medio, bakarrik edo isolatuta dauden pertsonei egiten dizkietenak. Adinagatik, gaixotasunengatik edo gizarte oztopoengatik baztertuak sentitzen diren pertsonengana iristen dira horrela, “telefono bidezko laguntza, babesa eta konpainia eskainiz. Pertsona horiei gizartearekin lotuko dituen hari bat luzatzea da helburua”.
Zilarrezko Hariak dagoeneko erabiltzaile ugari dituela zehaztu dute, eta datorren ostiraleko sprintarekin oraindik zabalkunde handiagoa eman nahi diote. Gainera, “bakardadean dauden legazpiarrak eta boluntarioak elkartzeko modu bat izatea” nahi dute, “doako telefono deien bidez, babesa eta maitasuna emateko”.
Boluntarioak behar dira
Boluntario asko ditu dagoeneko Legazpiko Nagusilanek, baina herritar gehiagoren laguntza behar dute. Urtean zehar, 6.000 ordu baino gehiago eskaintzen dizkio elkarteak boluntariotza jarduerari Eguneko Zentroan, Santikutz egoitzan, Garagunean, etxebizitzetan eta belaunaldien arteko gaietan.
Horietako batean boluntario lana egin nahi duenak Ugarteren 668 553 694 zenbakira edo Garciaren 619 947 641 zenbakira deitu dezake, edo nagulegazpi@gmail.com helbide elektronikora idatzi. “Zure lankidetzarekin, adinekoen bizitza hobetzen jarraitu ahal izango dugu, bakardadearen aurrean konpainia eta itxaropena eskainiz”.
Nagusilani eskerrak
Udalak “ilusio handiz” jaso zuen Zilarrezko Hariaren sprintaren berri, Eric Galvez alkateak azaldu duenez, “oso ondo islatzen dituelako gure gizartearen balioak, hau da, zaintza, gertutasuna eta elkartasuna”. Ekimen hau “ez da bakarrik deiak egitea, baizik eta pertsonen arteko zubi bat, bakardadeari aurre egiteko”. Gainera, “modu erraz batean” egiten da hori, elkarrizketaren bitarteaz, “erraza, baina indartsua”. Gaur egun oso azkar bizi gara, eta bakarrik dauden pertsonak eurekin gaudela sentitzea garrantzitsua da, eta hori egiten duzue Nagusilaneko boluntarioek, Legazpin duela 25 urte. Ikaragarrizko lana egiten duzue, administrazioak egin ezingo genukeen lana, ezingo genuke horretara iritsi, 6.000 ordu horiek ordaintzea ezinezkoa litzateke”. Lan horregatik eskerrak eman dizkie boluntarioei.
Nerea Lopez de Heredia zinegotziak, bere aldetik, datorren ostiralean Gizarte Zentrora hurbiltzeko eskatu die legazpiarrei, “aukera paregabea izango dugulako ikusteko hain gutxirekin zenbat egin dezakegun. Etxean bakarrik dagoen pertsona batek bere etxean telefono dei bat jasotzea, asko da”.