Goienerrek eta CCOO sindikatuak lankidetza akordioa sinatu dute
Azken 5 urteetan lankidetzan jardun ondoren, "urrats sendoagoak" emateko konpromisoa hartu dute bi erakundeek.

“Eraldaketa justu baterako bidean, ezinbestekoa da bidelagun egokiak aurkitu eta aliantza sendoak sortzea. Agerian geratu da hori EAEko CCOO sindikatuak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak gsinatu duten lankidetzarako akordio berrian”.
CCOO-ko Loli Garcia Garciak eta Goienerreko Jon Urturi Aldamak sinatu dute lankidetza-dokumentua, egungo larrialdi klimatikoaren aurrean energia-kontsumo kontzienteagoa sustatzeko.
Goienerren bazkidetzeko erraztasunak
EAEko CCOO sindikatuak eta Goienerrek lankidetzan jardun dute azken 5 urteetan. Orain, urrats sendoagoak ematea erabaki dute bi erakundeen arteko konpromisoan.
Modu honetara, EAEko CCOO sindikatuak bere langileak Goienerren bazkidetzera animatuko ditu, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba herritar eta berriztagarrian sartzeko erraztasunak emanez.
Bi aldeentzako “akordio onuragarria”
Bere aldetik, Goienerrek arreta zerbitzua eskainiko dio sindikatuari, eta faktura elektrikoari buruzko hitzaldiak eta aholkularitza-tailerrak eskainiko ditu EAEko CCOOren egoitzetan.
Lankidetzarako hitzarmen honi esker, bi erakundeek urratsak ematen jarraitu nahi dute berriztagarrien eta ingurumena errespetatuko duen bidezko energia eredu baten alde.