Martxoaren 30a, memoria historikoaren mugarria
‘Olaberria 1936-1945’ liburua aurkeztu eta ‘Eraman zutela’ dokumentala estreinatuko dituzte martxoaren 30ean, kultur areto berrian. Aranzadiko historialariek artxiboetan bildutako agiriekin eta Olargi taldeak Olaberriko herritarrei egindako elkarrizketekin ondu dituzte.

Olaberriko Olargi memoria historikoko taldeak orain urte batzuk hasitako lanari beste mugarri bat jarriko dio martxoaren 30ean. Egun horretan, 12:00etan, Maria Laespada Lazpita eta Javier Buces Cabello Aranzadi Zientzia elkarteko historialariek ondutako Olaberria 1936-1945 liburua eta Mikel Balerdi Arruabarrenak eta Deñe Garcia-Bravo Alberdik egindako Eraman zutela dokumentala estreinatuko dituzte Olaberriko kultur areto berrian.
Aritz Arantzegi Olargi taldeko kidearen arabera, «sei urteko elkarlanaren emaitza» da martxoaren 30ean aurkeztuko dena, Aranzadi eta udalaren laguntzarekin batera: «Zor bat kitatzen dugun sentipena daukagu, hainbeste sufritu zuten olaberritarrekin daukagun zorra, hain zuzen». Gaineratu du, gerrako galtzaileak ez direla «inoiz» entzunak izaten, eta lan honekin, hein batean, gerra garaian zein ostean «frankismoaren menpe bizi izan ziren herritarrak gogora ekarri» nahi dituzte.
Horretarako, Aranzadiko historialariek artxiboetan bildutako agiriekin eta Olargi taldeak Olaberriko herritarrei egindako elkarrizketekin osatu dute liburua. Hala, «herritar fusilatuak, frontean borrokatu zutenak, gerraren ondorioz hildakoak, erbesteratuak, emakumeek pairatutakoak, euskararen debekua…» dira bildu dituzten gaiak.
Aurrera begira ere, ildo beretik jarraitu nahi dutela azpimarratu du kideak: «Ez genuke hau hemen geratzerik nahi, ideiak ez zaizkigu falta eta lanerako gogoz dabilen jendea gara taldean». Dioenez, Olaberriko historia ez da gerra garaian gelditzen, «zabalagoa» baita.
1936-1945 bitartekoak
Uztailaren 18 batean, duela 89 urte, heldu ziren garai ilunak Olaberriara; 1936ko uztailaren 18an bigarren errepublikaren aurka eman zen altxamendu militarra, estatu kolpe faxistarekin. Etzegaratetik, Lizarrustitik eta Otzaurtetik sartu ziren tropa nazionalak Goierrira, eta Santiago egun bezperan okupatu zuten Olaberria, bando nazionalaren menpean geratuta. Arantzegik adierazi du garai hartan nekazal eta abeltzain ekonomian oinarritzen zen herri bat zela Olaberria, eta harrezkeroztik, gerrak «ondorio latzak» ekarri dituela: «Ondorengo frankismoak errepresioa ezarri zuen herria gobernatzeko modu gisa, eta urte haietan gertatutako hainbat kasu ezkutuan egon dira urte luzeetan zehar, hala nola desagertzeak, indarkeria eta fusilamenduak».
Argitu gabeko gertaeren artean zegoen Martzelo Lasa Zeberioren fusilamendua. Arantzegik dio bere hilobia aurkitu zuten momentutik erabaki zutela herrian talde bat antolatzea, «gertatutakoak argitaratzeko eta herritarrak jakinaren gainean jartzeko». Horretarako, urte luzeetan zehar, lanketa desberdinak egin dituztela aipatu du: batetik, herritarren oroimena elkarrizketen bidez bildu dute, testigantzak jasotzeko asmoz; eta, bestetik, urteroko ekitaldi bat antolatu dute memoria historikoaren egunean. «Olaberrian gerra garaian bizitako haurrak, gerraren ondorioak pairatu zituztenak, bizi berri baten bila Olaberriara etorritakoak eta fusilatuak izandako herritarren senideak oroitu dira ekitaldi horietan», gaineratu du.
Sei urtetako lana
Gertakari guztiak argitzera bidean eta Olaberriko memoria historikoa landu asmoz, 2019an sortu zuten Olargi taldea bertako herritarrek. Izan ere, urtebete lehenago, 2018an, Martzelo Lasa Zeberioren fusilamendua argitzeko eta gorpuzkiak berreskuratzeko bidean, Martzeloren senitartekoek informazio asko aurkitu zutela nabarmendu du; informazio «baliagarria bezain ezezaguna» zen, «galtzen utzi ezin zena». Ikerketa horri jarraipena emateko zenbait herritar biltzen hasi ziren.
Urte batzuk beranduago, 2020an, talde beraren ekimenez, azaldu du hitzarmen bat sinatu zutela Olaberriko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, 1936ko gerran eta lehen frankismoan «herrian gertatutakoak ikertu eta informazio guztia liburu batean biltzeko asmoz».
Hala, «ardatz desberdinetan» osatu dute azterlan historikoa: Arantzegik dio, batetik, artxiboak kontsultatu dituztela, militarrak, elizarenak, estatuarenak eta udalarenak zirenak, hain zuzen; eta, bestetik, gertakariak bizi izandakoen testigantzak jaso dituztela, «lan antropologikoa» burutu ahal izateko. Hau da, garaiko artxiboetan gordetako agiriez gain, «testigantza zuzenak» lanaren oinarri bihurtu dituzte.
Izan ere, herritarren oroimenean informazio asko dagoen bezala, artxiboek «ez dute informazio guztia biltzen»: «Errepresio mota batzuk, esaterako, ez daude artxiboetan; emakumeen kontrako errepresioa, estigmatizazio soziala, euskararen aurkakoa… Beste forma batzuetan bilatu behar da errepresio horren berri». Beraiek, baina, ertz guztiak ukitu nahi izan dituzte.