Antioko udaberriko argi miragarria
Udaberriko eta udazkeneko ekinokzioetan, Antioko koruko leihotik sartzen diren izpiek aldareko Ama Birjina argiztatzen dute. Efektu hori oinarritzat hartuta, udalak udaberriari ongietorria egiteko bi ekitaldi antolatu ditu.

Udaberria heldu da eta, urteroko moduan, oso opari berezia ekarri die zumarragarrei: eguzkiak Antioko baselizako Ama Birjina nola argiztatzen duen ikusteko aukera. Fenomeno miragarri hori udaberri eta udazken hasierako arratsaldetan ematen da, urtero. Eguzkiaren argia baselizako koruaren gainean dagoen leihotik sartzen da eta Ama Birjina argiztatzen du. Efektu horrek gure arbasoekin eta naturarekin lotzen gaitu. Ilunpetan dagoen baseliza bat-batean argiztatzen ikustea zirraragarria da. Hori dela eta, une hori ardatz hartuta, Zumarragako Udalak bi ekitaldi antolatu ditu udaberriari ongietorria egiteko. Gaur efektu horri buruzko hitzaldia egingo dute eta ondoren Antiora igoko dira fenomenoaz gozatzera. Igandean kontzertua izango da.
Argiztatzeari buruzko hitzaldia 17:00etan izango da, Zelai Arizti aretoan. Jose Miguel Navarro suhiltzaile eta ingurumen hezitzaileak emango du. Navarro Sabiñanigokoa (Aragoi, Espainia) da eta Lux Sacra egitasmoa gidatu eta koordinatzen du. Egitasmo horren helburua gune sakratuetan ematen den argiaren erabileraren inguruko informazioa jasotzea eta zabaltzea da.
Igandean, berriz, Ensemble Morisot musika klasiko boskoteak Munduko Begiak irabazi asmorik gabeko elkartearen aldeko kontzertua egingo du. 13:00etan izango da, Zelai Arizti aretoan. Ensemble Morisot boskotea Musikeneko bost ikaslek osatzen dute. Munduko Begiak elkarteari dagokionez, herrialde txiroetan ikusmen arazoak dituzten pertsonei laguntzen die. Afrikan eta Hego Amerikan lan egiten du.
Hitzaldia eta kontzertua asteazken arratsaldean aurkeztu zituzten Antioko baselizan, koruko leihotik sartzen zen argia lagun. Aurkezpenean Iñaki Elortza Munduko Begiak elkarteko kideak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Serranok udaberriko eguzkitzea martxoko arratsalde batzuetan ematen dela gogoratu zuen. 17:30etik 18:30era, gutxi gorabehera. «Udaberriaren eta udazkenaren hasieran efektu hori lortu ahal izateko, aldarearen parean dagoen leihoaren ez zituzten zentratu». Antioko Ama Birjinaren argiztatzea Domingo Mendiarazek erretaula egin zuen garaikoa dela uste dute: 1597koa. Izan ere, garai hartan Elizak halakoak bultzatu zituen. Alkateak zumarragarrak eta bisitariak gaurko eta igandeko ekitaldiez gozatzera animatu zituen. Bide batez, eguzkiak elizaren kanpoaldean eskaintzen duen ikuskizunaz ere goza daiteke: aldareko Ama Birjina argiztatzen duen aldi berean, zuhaitz baten itzala proiektatzen du baselizaren atzealdeko horman.
Ikusmen arazoak
Elortzak eskerrak eman zizkien Zumarragako Udalari eta alkateari. «Munduan 1.100 milioi pertsona inguruk ikusmen arazoak dituzte. Horietako gehienak herrialde txiroetan bizi dira. Arazoen %90ak konponbidea du, baina askok ez dute tratamendua ordaintzeko dirurik. Hori dela eta, ezin dute lana egin edo ezin dira eskolara joan. Saharan, Malin, Mozambiken eta Bolivian lan egiten dugu», esan zuen.
Dirua lortzeko, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Ensemble Morisot taldeko kideekin harremanetan jarri ziren eta hauek laguntzeko prest agertu ziren. Joan zen astean Donostiako udaletxeko areto nagusian jo zuten eta igandean Zumarragan joko dute.
Udaberriak bizipoza dakar beti eta aurten inoiz baino bizigarriagoa izango da zumarragarrentzat: Antion eguzkiaren indarraz gozatzeko aukera eskainiko du eta Zelai Arizti aretoan musikarik onena entzuteko aukera.

Aldarea, koruko leihotik sartzen diren argi izpiek argituta. Argazkia: Fermin Lopetegi.

Koruko leihoa eta eguzkiak horman proiektatutako zuhaitzaren itzala.

Eguzkiak horman proiektatutako zuhaitzaren itzala.

Eguzkiak horman proiektatutako zuhaitzaren itzala.

Eguzkiak horman proiektatutako zuhaitzaren itzala.

Mikel Serrano alkatea eta Iñaki Elortza, ekitaldien aurkezpenean.

Koruko leihoa eta eguzkiak horman proiektatutako zuhaitzaren itzala.

Koruko leihoa.