Teknologien erabilera arduratsuan eragiteko formazio saioak
Zegamako Altxa Burua guraso taldeak antolatu ditu saioak. Astelehenean eta asteartean egingo dituzte Aitxuri herriko eskolako ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta.

Zegamako Altxa Burua taldeak Teknologia berrien erabilera arduratsu baterako heziketa programa lehen eta bigarren hezkuntzan formazio saioak antolatu ditu datorren asterako, Aitxuri herri eskolako ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta.
2023-24 ikasturtean jarri zen martxan Altxa Burua taldea Zegaman, seme-alabei lehendabiziko mugikorra emateko adina atzeratzeko helburuarekin. Taldea herriko gurasoen artean aurkeztu ondoren, formazio saio hauek antolatu dituzte. Saioak Orain prebentzioa irabazi asmorik gabeko erakundeko Mikel Cerezok gidatuko ditu eta hiru txandatan banatuta egingo dituzte:
- Martxoaren 24an, astelehena: gurasoei zuzendutako saioa. Gaztelekuan, 18:30ean.
- Martxoaren 25ean, asteartea: Aitxuriko irakasleei zuzendutako saioa. Eguerdian, ikastetxean.
- Martxoaren 24an eta 25ean: Aitxuriko ikasleei zuzendutako saioak.