‘Animalia basatien bila Murgisarrira’ irteera igandean
Zegamako Anduetza parketxeak antolatu duen jarduera berria da. Familiei eskainitako irteera izango da. Tokiak mugatuak dira eta aurrez izena ematea derrigorrezkoa da.

Zegamako Anduetza parketxeak jarduera berri bat antolatu du iganderako Animalia basatien bila Murgisarrira izenburupean. Animalia basatiek naturan uzten dituzten seinaleak ezagutzeko aukera izango da familia osoari eskainitako irteeran.
Ibilbidean zehar, intsektu txikienetatik hasita ugaztun handienetara, hainbat espezieren bitxikeriak eta arrastoak azalduko dituzte. Murgisarriko basora iritsitakoan zuhaitz artean ibiltzeko aukera izango da, astiro, isilik, zentzumenak erne, arrastoren bat aurkitu zain.
Irteera 5 urtetik gorako haurrei eta haien familiei zuzenduta dago eta 2 orduko iraupena izango du. Ibilaldiak badu zailtasun pixka bat Murgisarriko desnibela dela eta; hortaz, 5 urtetik beherakoentzat ez da egokia. Izena aurrez ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak baitira. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa.
Martxoaren 30ean, igandean, 11:00etan da irteera. Izena emateko anduentza@gipuzkoanatura.eus-era idatzi edo 688 623 609ra deitu daiteke.