Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute
Martxoaren 31tik aurrera egin beharko da errenta aitorpena. Geroz eta gehiago dira euskararen aldeko hautua egiten dutenak. Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalek elkarrekin abiatu dute kanpaina.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena egiteko Ogasunarekin euskaraz! kanpaina aurkeztu dute Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko udalek elkarrekin, Beasaingo udaletxean egin duten agerraldian. Martxoaren 31an hasiko da errenta aitorpena egiteko epea Gipuzkoan.
2010 urteaz geroztik egiten den kanpaina bat da, eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da, euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako jarraibideak eskaintzea herritarrei. Herritarrek etxeko buzoian jasoko dute beharrezko informazio guztiaren eskuorria.
Euskararen hautuaren eboluzioari dagokionez, azaldu dute, urteetan goranzkoa izan ondoren, Beasainen (%22,03) eta Ordizian (%23,8) euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa «egonkortu» egin dela, eta Lazkaon (32,33), berriz, «handituz joan» dela. Hiru udaletako ordezkariek kopurua handitzen jarraitzeko gonbita luzatu diete herritarrei. «Poliki bada ere urtetik urtera kopuruak gorantz egiteko joera hori ez etetea da helburua».
92.173 euskaraz Gipuzkoan
Gipuzkoan, 2024 urteko irailean, 95.036 herritarrek euskara zuten aukeratuta Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetarako. Urte hasieratik, 3.000 inguru gehiago. Aurten, 2024 urteko errenta aitorpenaren kanpainari begira, departamentuaren helburua da, 100.000 pertsona fisikok aukera hori egitera iristea.