Iruña Veleiako aztarnategia hizketagai Zerainen
Josetxo Mendia Azurmendi adituak egingo du hitzaldia kultur etxean. Apirilaren 13an aztarnategira bisita gidatua ere antolatu dute.

Iruña Veleia. Aztarnategi eta auzi baten historia izenburupean hitzaldia egingo du bihar, 19:00etan Zeraingo kultur etxean, Josetxo Mendia Azurmendik, ZerainLabek antolatuta.
Hitzaldian Langraizko (Araba) aztarnategiaren historia ezagutzeko aukera izango da. Burdin Aroan zehar, karistiarrak eremu horretan kokatutako 45 hektarea baino gehiagoko hiri batean bizi izan zirela jakina da gaur egun. Ondoren, erromatarren bizileku ere izan zen, hauek karistiarrak menderatu eta gero. 125 hektareako hiria eraiki zuten erromatarrek bertan, honen gainbehera Goi Erdi Aroan eman zelarik.
Mendiak aztarnategi honetan aurkitutako hainbat grafitori buruz hitz egingo du biharko hitzaldian. Hauen harira egindako epaiketa azalduko du eta egiazkoak edo faltsuak diren argitzeko, irtenbide zientifiko ezberdinak proposatuko ditu.
Hitzaldiaz gainera, ZerainLabek bisita gidatua ere antolatu du Iruña Veleiara, apirilaren 13an.