Ateak eta besoak zabalik Goierrin
Ekainaren 28tik uztailaren 20ra egingo dute egonaldia AEBetan bizi diren euskal jatorriko 16 eta 25 urte bitarteko 33 gaztek Ateak Ireki programaren bidez.

Erreportaje hau Gipuzkoako Hitzak argitaratu du.
AEBetan bizi diren euskal jatorriko hainbat gazte Goierrin izango dira uda honetan ere. Ekainaren 28tik uztailaren 20ra bitartean egingo dute egonaldia, eta euskara ikasteko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera izango dute, hizkuntzarekin, historiarekin, dantzarekin, musikarekin eta mitologiarekin lotutako askotariko jardueren bitartez.
Hirugarren aldia du ekinbideak, eta aurten, Kaliforniako, Washingtongo, Coloradoko, Nevadako eta Oregongo 16 eta 25 urte bitarteko 33 lagun hautatu dituzte. Aste barruan, Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara eta kultura eskolak jasoko dituzte, eta asteburuetan, familiekin egoteko denbora izango dute. Gainera, antolatzaileek euskal dantza ikastaroak, euskal kultura sustatzeko tailerrak eta egun osoko irteerak prestatu dituzte, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean.
Programaren antolatzaileek 33 neska-mutil hautatu dituzte aurten, eta orain, haiek etxean hartuko dituzten familien bila ari dira. Ateak Ireki Goierrin jaio zenez, eskualdeko familiei egin diete parte hartzeko deialdia, baina kontuan hartuko dute beste inguru batzuetako familien parte hartzea ere. Gainera, aurreko bi aldietan parte hartu zuten familiak gonbidatuta daude berriro ere parte hartzera, eta bakoitzak bi gazte hartu ahal izango ditu etxean.
Berrikuntzak
Martxoaren 10ean aurkeztu zuten programa, eta han izan zen Iñaki Goirizelaia Batzen dinamikako lehendakaria. Bi berrikuntza nagusiren berri eman zuen: batetik, gazte amerikarrek euskara klaseak jasoko dituztela Euskal Herrira etorri aurretik, eta, bestetik, Goierriko bizpahiru gaztek AEBetan egonaldia egiteko aukera izango dutela. Iaztik ari dira truke programa hori diseinatzen, eta arduradunek jakinarazi dute «AEBetako euskal diasporatik mundu osora salto egitea» gustatuko litzaiekeela.
Antolatzaileen esanetan, programak lau helburu nagusi ditu: Euskal Herriko familien eta diasporakoen artean hartu-emanak sortzea, euskal diaspora ezagutzeko bideak zabaltzea, familien eta pertsonen artean «zubiak» eraikitzea, eta etorkizunerako harremanak indartzea. Horretarako, baina, esan dute instituzioen eta herritarren babesa behar dutela, hala nola Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiena, Nafarroako Gobernuarena, Eusko Jaurlaritzarena, Lazkaoko Maizpide euskaltegiarena, NABO North American Basque Organizations taldearena, Goieki Goierriko Garapen Agentziarena, Goierriko udal guztiena eta eskualdeko biztanleena.