Dantzari Txikien denboraldiari hasiera
Segurakoaren ondotik, Ormaiztegin ospatuko dute dantzari txikien hurrengo topaketa. Dantzari gazteek beste lau saio egingo dituzte Goierrin. Albistean, aurtengo egutegia.

Udaberriarekin batera iritsi ohi dira Dantzari Txiki Egunak. Asteburuan Seguran egindakoaren ondotik, Ormaiztegin izango dute Goierriko dantza taldeetako dantzari txikiek urteko hurrengo topaketa. Gabiriako Goruntz dantza taldea izango da bultzatzaile nagusia, eta bertan izango dira Oin Arin (Lazkao), Irrintzi (Urretxu-Zumarraga), Amets Bide (Ordizia), Jalgi (Zarautz) eta Goruntz (Gabiria) dantza taldeetako txikienak.
Egun osoko jaia egingo dute Ormaiztegin. Goizeko 11:00etan herriko frontoian elkartuko dira, eta 11:30etik 13:30era kalejira egingo dute. Ondoren, parte hartzaile guztien bazkaria egingo dute frontoian, eta eguna borobiltzeko, Modestorekin dantzaldia egingo dute arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Ormaiztegiko topaketaren ondoren etorriko dira gainontzeko herrietakoak ere, eta apirilaren 6a izango da datorren topaketa eguna Legazpiko, Zaldibiako eta Zegamako Dantzari Txikiekin. Legazpin Beasaingo Aurtzaka, Urretxu-Zumarragako Irrintzi, Iruñeko Oberena, Antzuolako Oin Arin eta Legazpiko Sustraiak eta Korosti dantza taldeak izango dira; Zaldibian, Ordiziako Amets Bide, Beasaingo Aurtzaka, Legorretako Irrintzi Alai, Berako Gure Txokoa eta Zaldibiako Iztueta dantza taldeak; eta, Zegaman, berriz, Beasaingo Ostadar, Lazkaoko Oin Arin, Segurako Azpilla eta Zeraingo Solkie dantza taldeek parte hartuko dute.
Seguran, dantza ikuskizuna
Iragan larunbatean Dantzari Txiki egunen antzera egin nahi zuten aurten udaberriko urteroko jaialdia Segurako Azpilla dantza taldeko kideek, baina eguraldiak derrigortuta, plazan jarritako karparen azpialdean elkartu behar izan ziren larunbatean, eta bertan egin zuten emanaldia. Ehundik gora ikusle bertaratu ziren.
Dantzari gazteak, Zaldibian
Dantzari txiki adinetik pasatu direnek ere izango dituzte dantza egiteko beste aukera batzuk Goierrin. Izan ere, Zaldibiako Iztueta dantza taldeak, Herriarteko Dantzari Gazteen topaketa antolatu du larunbaterako, martxoak 29. Zaldibiako Resti pilotalekuan elkartuko dira eta Anoetako Anitz, Ibarrako Alurr, Legorretako Irrintzi Alai eta Zaldibiako Iztueta dantza taldeek parte hartuko dute. Idiazabal, Lazkao eta Legorretan ere izango dira topaketak. Aurrez Ordizian egin zuten.
Dantzari Txikiak
- Martxoak 30. Ormaiztegi
- Apirilak 6. Legazpi
- Apirilak 6. Zegama
- Apirilak 6. Zaldibia
- Apirilak 27. Legorreta
- Maiatzak 11. Zumarraga
- Maiatzak 25. Ordizia
- Maiatzak 25. Beasain
- Ekainak 8. Lazkao
- Ekainak 15. Urretxu
Dantzari Gazteak
- Martxoak 29. Zaldibia
- Apirilak 5. Idiazabal
- Maiatzak 9. Lazkao
- Zehazteko. Legorreta