Elkarretaratzeak ikastetxeetan, Palestinaren aurkako sarraskiei "urgentziazko erantzuna emateko"
Gure Haurrak ere Badira egitasmoak deituta eta EHIGEren, Ikastolen Elkartearen, Publikoaz Harro plataformaren, Arabako DBSren, Gernika Palestina herri ekimenaren eta LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin, atzo izan ziren elkarretaratzeak ikastetxeetan.

Israelek burututako azken sarraskiei “urgentziazko erantzuna emateko asmoz”, elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, baita Goierrin ere, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak deituta. Atzo arratsaldean izan ziren, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioaren, Ikastolen Elkartearen, Publikoaz Harro plataformaren, Arabako DBSren, Gernika Palestina herri ekimenaren eta LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin.
“Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta Gazan sarraskiekin jarraitzea erabaki du. Ehundaka zibil palestinar erail ditu egun gutxitan, azkenak gaur bertan, beste ospitale bati egindako eraso batean. Eraildako gehienak haurrak izaten ari dira beste behin ere. Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izaten ari gara. Honek guztiak gure barrena iraultzen digu eta inpotentzia nagusitzen doa. Europak, gerra hitza ahotan eta berrarmatzearen bidean, beste aldera begiratzen du, lotsagabeki”, azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek ohar bidez.
Horren aurrean, hezkuntza komunitatea “isilik geratu ezin” dela gehitu dute: “Erailtzen ari diren haur hauek gure seme-alabatzat hartu ditugu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitzen ditugu eta lau haizetara oihu egiten dugu: ASKI DA!”.
Eskakizun zehatz bat egin dute: gobernu eta erakundeak interpelatu dituzte, genozidioaren aurka “argi eta tinko” posiziona daitezen eskatuz. “Hitzetatik ekintzetara pasa eta genozida den Israelgo Estatutuarekin harreman guztiak eten ditzatela exigitzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela”.

Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak, elkarretaratzean.