Hamar goierritarretik hiruk baino gutxiagok egiten dute errenta aitorpena euskaraz
Zerain (%72), Ataun (%62), Segura (%54) eta Zaldibia (%54) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak. Herriz herriko datuak, albistean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (Uema) bitartez helarazi dituen datuen arabera, hamar goierritarretatik hiruk baino gutxiagok egin zuten iaz errenta aitorpena euskaraz. Denera 38.697 aitorpen egin ziren Goierriko 22 udalerrietan, horietatik 10.507 euskaraz (%27,1) eta 28.190 (%72,9) erdaraz.
Datuak herrika aztertuta, Zerain da iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituen herria –%72, Gipuzkoan ere hura da gehiena–, Ataun ondoren (%62), Segura eta Zaldibia –bietan %54–, eta Gabiria (%53) eta Gaintza (%52). Sei udalerri horietan da soilik ehunekoa %50etik gorakoa.
Biztanle gehien dituzten herrietan egin ziren iaz errenta aitorpen gutxien euskaraz: Zumarragan (%15), Legazpin eta Urretxun (%21), Beasainen (%22) eta Ordizian (%24). Lazkaon kopurua handiagoa da (%32). Herri txikia izanagatik, datu txikia duen beste herri bat Olaberria da (%25).
Azken urteetako dinamikari jarraituz, Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek atzo egin zuten errenta aitorpena euskaraz egiteko deia agerraldi bateratu baten bitartez.
Iturria: Uema, GFAren bitartez
Uemaren deia herritarrei
Hainbat erakunde publikok bezalaxe, Uemak ere deia egin die herritarrei errenta aitorpena euskaraz egiteko. Mankomunitatea lankidetzan arituko da aurten ere udalekin eta hainbat erakunde publikorekin. Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta Uemak ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.
Goierriko udalerrien erdiak baino gehiago (13) dira gaur egun Uemako kide: Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.
Errenta aitorpena egiteko epeak
- Autolikidazio proposamenak: Martxoaren 31tik ekainaren 30era.
- Mekanizatua: Apirilaren 4tik ekainaren 6ra bitartean, edo beranduago hitzorduak hutsik gelditzen badira.
- Internetez: Apirilaren 3tik ekainaren 30era (partikularrak eta ordezkari profesionalak).