Ordizian Hezkuntza Kontseilua sortzeko mozioa onartu dute
Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek aurkeztu du azken udalbatzan herrian Hezkuntza Kontseilua sortzeko egitasmoa. EAJren (7), Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos (2) eta PSE-EE (1) alderdien aldeko hamar botoekin onartu da. EH Bilduk kontra bozkatu du.

Ordiziako azkeneko udalbatzan Ordizia Orain – Elkarrekin Podemosek aurkeztuta, Ordizian Udal Hezkuntza Kontseilua sortzeko mozioa onartu zen, EAJren (7), Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos (2) eta PSE-EE (1) alderdien aldeko hamar botoekin. EH Bilduk (7) kontra bozkatu zuen.
Ordizia Orainek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, “hezkuntza komunitateak erabakiak hartzerakoan duen partaidetza indartzeko eta udalerriko hezkuntza arloko eragileen arteko elkarrizketa eta koordinazio espazio bat bermatzeko helburuarekin” aurkeztu zuen ekimena. “Kontseilu honen sorrerak Ordiziako hezkuntza erronkei modu egituratuan heltzea ahalbidetuko duen organo egonkor bat izateko beharrari erantzuten dio. Helburua da gune bat sortzea, ikastetxeetako ordezkariek, familiek, ikasleek eta sektoreko profesionalek, udalarekin eta udaleko talde politiko guztien ordezkariekin batera, udalerriko hezkuntza hobetzen lagunduko duten proposamenak lantzeko”.
Ordizia Orainentzat “oso garrantzitsua da asmoen adierazpen batean bakarrik ez geratzea, baizik eta inplementazioan modu eraginkorrean aurrera egitea”. izan ere, “hezkuntza funtsezko zutabea da gure gizartean, eta uste dugu Kontseilu hau funtsezko tresna izango dela hezkuntza-komunitatearen eta tokiko administrazioaren arteko elkarlana indartzeko. Orain, hurrengo urratsa bere funtzionamenduari forma ematea da, eta benetan eta eraginkortasunez parte hartzeko gunea izatea bermatzea”.
Ordizia Oraineko Viviana Murillo Cazar eta Julen Iraola Matxain zinegotzien esanetan, behin mozioa onartuta, “datozen asteetan udalak Kontseilua martxan jartzeko beharrezko izapideak hasiko dituela espero” dute, “parte hartzeko irizpideak, osaera eta lehen lan helburuak ezarriz”.
Azkenik, “Ordiziako hezkuntza-komunitateari” dei egiten diote “aurrerapenei adi egoteko eta herritar guztientzako hobekuntza-tresna izan nahi duen gune honen eraikuntzan aktiboki parte hartzeko”.
EH Bilduk aurkako botoa
EH Bilduk, “proposamenari dagoen bezala ezezko bozka” eman zion. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “ez dut uste hau denik modua, eta kontseilu eskolarraren eraketan, erregelamendua hasi zen aurreko legedira egokituta, eta hezkuntza lege berria atera zen. Talka egiten dute legeek. Kontseiluaren sorrera, hezkuntza lege berriak, ez du derrigortzen, aldiz aurreko legeak bai”.
Hala eta guztiz, “behin baino gehiagotan” Eusko Jaurlaritzari kontsulta egin zaiola jakinarazi zuen Ezenarrok, “legea nola interpretatu galdetzeko, eta ez digute erantzunik eman. Eta ondoren hezkuntzako bilerak izan ditugunean ere behin eta berriz erantzuteko eskatu diegu, eta ez da erantzunik lortu”.
Era horretan, “guk erabaki beharko dugu araudi hori nola interpretatu eta nola egin, erabaki beharko dugu ere lege hori bete behar dugun edo ez. Lege horren arabera udal ordezkari guztiak ez daude kontseilu horretan. Edo zerotik hasten gara eraketan nork egon behar duen edo ez, eta gure artean erabaki beharko dugu zeren irizpide juridikorik ez da etorriko Eusko Jaurlaritzatik. Baina kontraesan horiek argitu beharko ditugu.Erregelamendu hori printzipioz jende aurrean izan zen, hasierako onarpena ere eman genion, eta ondoren legea aldaketa dela eta, ez genion behin betiko onarpena eman”.
Arrazoi horiengatik aurkako botoa erabaki zuen EH Bilduk. “Iruditzen zaigu ondo dagoela gai hau ekartzea, baino uste dugu lanketa eginda dagoela badakizuela. Aurretik komentatu gabe sartu da mozioa, eta orain kalendarizazio hau sartu da aurretik hitz egin gabe. Baina guk konpromisoa hartzen dugu Eusko Jaurlaritzara egindako kontsultari muzin egin, eta guk erabakitzeko”.
Azkenik, alkateak nabarmendu zuen, “inoiz ez dela zalantzan jarri hezkuntza kontseilua eratu behar zenik. Aurretik ez zen eratu, hezkuntza mahaian parte hartu zuten eragileek momentu horretan ez zutelako beraien burua gai ikusten bi foro horietan parte hartzeko. Erregelamenduak gatazka gehiago sortzen du, kontseilua eratzea baino”.