Ataundik Palestinarekin elkartasuna antolatzeko aurreneko urratsa
Talde egonkor bat eratzea da euren asmoa, Palestinako egoeraz informatuta eta haren alde mobilizatuta egoteko. Eragile sozial, sindikal eta politikoak zein herritarrak ekimen herrikoian parte hartzera deitu dituzte.

Ataunen, atzo eman zuten ekimen herrikoi berri bat sortzeko aurreneko urratsa, bilera herrikoi bat deitu eta Palestinaren aldeko elkartasuna sustatzeko aurreneko kontzientziazio lanak egiteko asmoa bereganatuta. Zenbait herritarren borondatez sortutako ekimena izan da, Ataungo herrian auzi honen inguruko sentsibilizazioa egin eta Palestinaren «egungo egoera larri eta gordinaz herritarrak ohartaraztea» helburu izango duena.
Antolatzaileetako baten hitzetan ekimena «ez da erabaki isolatu baten emaitza» izan, baizik eta egoera geopolitikoaren bilakaerak eta injustiziaren aurrean sentitutako beharrak eragindakoa: «Israelek su-etena apurtu baino lehenago egin genuen deialdia, larria baitzen dagoeneko Israel Palestinan aurrera eramaten ari zen genozidioa. Azken egunetako gertakariok, baina, herri ekimen honen aldeko motibazioa are gehiago piztu digu».
Eragileekin loturak osatzea
Israelek su-etena apurtu duenetik, dagoeneko 600 palestinar erail ditu eta horren larritasuna azpimarratu du: «San Gregorio eta Aia auzoetako biztanleen proportzio bera litzateke. Datu hori normalizatu du jendeak, eta guk horren kontzientzia piztu nahi dugu». Sentsibilizazio horretara begira, «beharrezkoa» ikusi dute auzo guztietara iritsiko den plataforma bat sortzea.
Epe laburrean, «talde egonkor bat eratzea» dute asmo, herritarrak informatuta eta mobilizatuta mantenduta. Atzoko lehen bilera irekian, «ekintzen plangintza kolektiboa» egitea proposatu zuten, horretarako herriko talde sozial, sindikal eta politikoekin harremanak estututa. Ekintza zehatzak ez dituzte oraindik guztiz zehaztu, baina «manifestazioak, hitzaldiak eta ekitaldi kulturalak antolatzea da asmoa».
Horretarako, baina, herritarren parte-hartzea «funtsezkoa» izango dela nabarmendu du; edonork hartu dezake parte bileretara joanda, ideiak proposatuta edota antolakuntzan lagunduta: «Ez dugu asmo handiegirik; gutxieneko talde bat osatuta eta jarduera erregularrak antolatuta gustura geundeke».
Herri txikietan bultzada
Ataunen gisako herri txikietan halako ekimenak antolatzea «erronka handia» dela ziurtatu du, «populazioa murritzagoa» delako, eta «jendea mobilizatzea zailagoa» delako. Hala ere, antolatzaileek itxaropentsu jarraitzen dute: «Ez dugu jendetza behar, konpromiso sendoko talde txiki batekin helburu berak lortu ditzakegu». Hortaz, momentu honetan ezinbestekoena «martxan jartzea» dela aitortu du.