Iparra-Hegoa, harremanen habia
Astelehenetik martxan da 28. Iparra-Hegoa kultur astea Seguran, ‘Ele-berriak’ izenburupean. Urtero bezala, Urruñako eta Baionako ikasleen bisitak izango dituzte, 172, guztira.

Iparra-Hegoa kultur aste bat baino gehiago da. Iparraldearen eta hegoaldearen atzean dauden pertsonen arteko harremanen habia ere bada; sinbolikoki mugak batzen dituen zubia; eta hori da agian, aste honen arrakastarik handiena. Aurten ere, Urruñako (Lapurdi) eta Baionako (Lapurdi) ikasleen bisitak jasoko dituzte Seguran Iparra-Hegoaren egitarauaren baitan, eta aurten ere, egun soil batzuetatik harago urteetan mantenduko diren harremanak eraikiko dituzte bertan.
Astelehenean iritsi ziren Segurara Urruñako ikastolako 22 haur eta atzora arte, bi egun bete eman dituzte Seguran. Besteak beste, Laiotz herri eskolako haurrekin harremanak egiteko tartea izan dute bitarte horretan; baita Segura gertutik ezagutzekoa ere. Ostegunean Baionako Etxepare Lizeoko gazteen txanda izango da eta asteburura arte luzatuko dute egonaldia. Osteguna eta ostirala artean 150 bat gazte iritsiko dira Segurara.
Iparra-Hegoaren arrastoa
Iparra-Hegoatik «oso positibotzat» baloratzen dituzte topaketa hauek. Urruñako haurrekin denbora pasatzeko eta beste errealitate batzuk ezagutzeko «gogotsu eta grinaz» izaten dira eskolako haurrak Euri Albizu antolatzaile taldeko kideak esan duenez. Haurrek jolasteko, taloak egiten ikasteko, buruhandiak eta erraldoiak ezagutzeko edo dantzatzeko aukera izan dute bi egun hauetan.
Etxepare Lizeoko 16 eta 18 urte bitarteko gazteek aktiboki parte hartzen dute dauden ekintzetan, «ekarpen handia egiten diote kultur asteari, beraiek ere ekintzak antolatzen dituzte, txandak betetzen dituzte… », zerrendatu du Albizuk. Esan bezala, urteak aurrera doazen heinean denboran mantentzen diren harremanak sortzen ditu Iparra-Hegoak, eta arrastoa ere uzten du zenbaiten bizitzetan. Esaterako, orain urte batzuk oso baxua zen hegoaldeko unibertsitateetan matrikulatzen ziren iparraldeko ikasleen kopurua, baina orain gero eta gehiago dira, «uste dugu Iparra-Hegoak ere eragin duela horretan eta oso positibotzat jotzen dugu», adierazi du.
Bitartean, oraindik bost egun dituzte aurretik, Iparra-Hegoaz gozatzeko. Gaur, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iñaki Telleriaren eskutik gastronomia saioa izango da Elorri elkartean, 19:00etan. Bihar, Baionako ikasleen harreraren ondotik, bertso eta kantu poteoa (19:30) eta bertso kantu afaria (21:30) izango dira Nerea Ibarzabal, Eneko Araiztegi eta Amets Arzallusekin.