Bellota lantegia ere Txillida gogoratzeko ekitaldi sortara batu da
Udalak antolatuta, eskultorearen lan asko egin ziren Patrizio Etxeberriaren fabrikaren ondorengoetako bat den enpresa bisitatzeko aukera izan zuten asteartean hainbat herritarrek. Bellotako museoa eta produkzio guneetako bat ikusi zituzten.

Patrizio Etxeberriaren lantegiak harreman oso estua izan zuen Eduardo Txillidaren lanarekin eta ibilbidearekin. Horregatik, Legazpiko Udalak bisita bat antolatu du fabrika handi haren ondorengoetako bat den Bellota lantegira. Astearte arratsaldean egin zen, eta 25 herritarrek izan zuten aukera enpresa horrek duen museoa eta produkzio guneetako bat bisitatzeko.
Eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko udalaren eta Lenbur Fundazioaren artean antolatutako ekitaldi sortaren barruan kokatzen da bisita hori. Jende asko geratu zen asteartean joan ezinik, ez zegoelako leku gehiago, baina baliteke aurrerago horrelako bisita gehiago antolatzea.
Asteartean Bellotara egindako bisita bi ataletan banatu zen. Batetik, plaza gorria deitzen zuten gunean egokitutako museoa ikusteko aukera izan zuten bisitariek, eta bestetik, produkzio guneetako bat, aitzurrak eta paletak nola egiten dituzten bertatik bertara ikusteko. Museoan, horren edukia osatzeaz arduratu zen Beatriz Herreras historialaria eta Bellotako Pertsonak saileko buru den Juanjo Salegi izan ziren gidariak. Tailerreko gidaria Bellotako produkzio buru den Iñaki Esain izan zen.
Historiaz betetako ‘plaza gorria’
Bellotaren museoa fabrikan egiten ziren erreminten garai bateko biltegian dago kokatuta, lehen plaza gorria eta orain patio gorria deitzen den lekuan. Zoruak duen koloreak ematen zion eta ematen dio izena. Bertan, Patrizio Etxeberriak sortutako lantegiko garai bateko makina batzuk ikusi daitezke, baita gaur egun Bellotak egiten dituen produktuak ere, tartean aitzurrak, paletak eta nekazari makinetarako piezak.
Baina museoko gune nagusia wall edo panel interaktiboa da, enpresaren historia jasotzen duena. Beatriz Herrerasek eta Juanjo Salegik laburbildu zien bisitariei historia hori, panel interaktibo horretan bildutako informazioarekin eta irudiekin lagunduta.
Gaurko Bellotak 1907an Patrizio Etxeberriak sortu zuen erremintari tailerrean du jatorria. Lau urtera Segura, Echeverria y Cia lantegia ireki zuen legazpiarrak, nekazaritzarako, meatzaritzako, arotzeriarako eta hargintzarako erremintak egiteko, baina hurrengo urtean bakarrik geratu zen negozioarekin, eta Patricio Echeverria S. A. sortu zuen, 3.400 langile izatera iritsi zena.
Lana, berrikuntza, berritasunetara egokitzeko gaitasuna, hedapena eta nazioartekotzea izan ziren Etxeberriaren enpresaren ezaugarri nagusiak, Bellota markaren sorrerarekin batera. Izen handia hartu zuen marka horrek erreminten alorrean, eta prestigio horrek jarraitzen du oraindik, gaurko Bellota enpresak ekoizten dituen produktu guztien alboan.
Etxeberriaren enpresa handiaren oinordeko da Bellota, CIE Automotive eta Sidenor bezala. Bellotak 400 inguru langile ditu gaur egun, eta Venanpri multinazionalaren barruan dago.
Aitzurrak eta paletak
Bellotak erreminta ugari ekoizten ditu, eta horien artean, aitzurrak eta paletak nola egiten dituzten erakutsi zuten forja tailerrean bertan. Lodiera eta luzera desberdineko altzairuzko hodiak dira hasiera, labe berezietan gori-gori jarri arte berotzen direnak, eta prentsa batzuetatik igaro ondoren azken forma hartzen dutenak, robotek eta langileek lagunduta.
Iñaki Esainek azaldu zuenez, Bellotak 114 aitzur modelo ekoizten ditu, eta 60 paleta desberdin. Urtean erreminta bakoitzetik 600.000 ale egiten dituzte.