Euskarari ikusgarritasuna emateko irudiaren bozketa zabalik
DBHko eta Batxilergoko ikasleek eman ahalko dute botoa, bat aukeratzeko. Udaletxeko sarreran daude ipinita hiru diseinuak eta bertan eman daiteke botoa.

Euskarari ikusgarritasuna emateko Euskaraldiaren barruan egingo duten horma-irudia margotzeko hiru diseinuak publiko egin dituzte, eta herriko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleek aukeratuko dute irabazlea. Udaletxeko sarreran daude ikusgai, botoa emateko.
Aittu! euskara elkarteak egin zuen aurkezpenean aurreratu zuten horma-irudia egiteko ekimena, udalaren babesarekin aurrera aterako dena. Liburutegi ondoko paretan egingo dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateko ikasleen laguntzarekin. Behin diseinuak jasota, epaimahai batek –tartean daude Jokin Telleria artista eta Iban Aranburu Bear pinturako irakaslea– hiru aukeratu ditu. Hiru horien artean horma-irudira zein eramango den aukeratuko da hurrengo egunetan, eta laster jakinaraziko dute irabazlea Aitturen sare sozialetan.
Batasuna, babesa, lotura
Horma-irudiaren diseinua egiteko inspirazioa, ondorengo esaeran bilatu behar izan dute: Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu!

Lehenengo diseinua.
Hiru diseinuetan lehenak Loinazko soka-dantzariak ditu, eta, diseinuaren egileek azaldu dutenez, «euskara, tradizioa eta gaur egungo gaztediaren arteko batasuna irudikatzen du». Estetikari dagokionez, «freskoa, non iragana eta oraina begiratu daitekeen, lotura hari izango balitz bezala».

Bigarren diseinua.
Bigarren diseinuak eguzki-lorea du erdian: «Euskarari omenaldia egin nahi dio, eguzki-loreak bezala, argia, bizia eta babesa sinbolizatzen duen hizkuntza zaharrari». Diseinu honetan, esku batek ikurrinaren koloreak dituen lore hau «goxotasunez» eusten du. «Gure hizkuntza zaindu eta babesteko ardura kolektiboa irudikatuz». Eguzki-lorea, tradizioz, etxeko atarietan jarri izan da gaitzak uxatzeko, eta «itxaropenaren eta erresistentziaren ikur bihurtzen da» diseinuan. Giza eskuetan agertzeak adierazten du «euskararen etorkizuna gure eskuetan dagoela, eguneroko konpromisoan, denboraren erronken aurrean bizirik mantentzeko». Lanaren testurak, «klarionaren edo pastelaren hauskortasun eta berotasunean inspiratuta, hizkuntzaren hurbiltasuna eta naturaltasuna azpimarratzen ditu, lurrean eta gure sustraietan errotuta». Era berean, «marra bakoitzak ondare kultural bakar hau babestearen garrantzia helarazi nahi du, gogoraziz, euskara ez dela soilik hizkuntza bat, gure identitatearekin eta gure tradizioen argiekin lotzen gaituen legatua baizik». Artelan bat baino gehiago, «hausnartzeko, baloratzeko eta ekiteko gonbita da, euskara gure bizitzetan eta gure herrian loratzen jarrai dezan».

Hirugarren diseinua.
Eta hirugarren diseinuaren egileak Beasaingo inguruko elementu batzuekin lan egin du: «Igartzako errota edo Txindoki adibidez, eta paisaia oniriko bat osatu herriaren esentzia nabarmenduz», azaldu du. Alde teknikoari erreparatuz, «keinu zabalen bidez aplikatutako kolore biziko paleta bat» erabili du plano desberdinak osatzeko. «Eta dena bateratzeko eta esanahi-geruza gehiago gehitzeko lerroa erabili dut, xehetasun batzuk nabarmenduz eta eskutik emanda dauden pertsonen katea gehituz». Marrazkirako Xabier Leteren Izarren hautsa abestian oinarritu da: «Kate horretan denok batera gogorki loturik gaude esaldian zehazki, polita iruditzen zaidalako euskararen hiztunak kate gisa pentsatzea». Obrari Eman eskua euskarari izenburua ipini dio, «kate horren parte izateko deia dena». Azkenik, konposizioan agertzen den elementurik nabarmenena, Korrikaren lekukoa elkarri pasatzen ari diren bi eskuen silueta da, «Korrikak euskararen bultzadan duen garrantziagatik». Garazi Arrularen testua piezan kokatu du amaitzeko.