Indarreko LABek lan ikuskaritzara jo du «enpresak lan osasunaren alorrean duen jarreragatik»
Indar enpresako LABek «benetako segurtasun neurriak» eskatu dizkio enpresari, eta elkarretaratzea egin du enpresaren atarian gaur ere.

Indar enpresako LABek «benetako segurtasun neurriak» eskatu dizkio enpresari, eta elkarretaratzea egin du enpresaren atarian gaur ere, Prebentzio gehiago, itxurakeria gutxiago lemapean. Prebentzio eta segurtasunaren alorrean azken aldian Ingeteam taldeak bertako zuzendaritzarekin batera hartutako hainbat erabaki salatu nahi izan dituzte horrela. Gainera, gaia gizarteratzeaz harago, lan ikuskaritzara jo zuen atzo LABek, enpresaren jarreraren aurrean.
Langileak kexu dira azken asteetan langileak «behartuak» izan direlako «prebentzioaren ikuspuntutik justifikatu gabe dauden zenbait neurri hartzera. Norberaren babeserako diren betaurreko eta txaleko islatzaileak denbora guztian jantzita eraman behar ditugu orain, ilea jasota eta belarritakoak kenduta izateaz gain».
Horren aurrean, eskaera zehatz bat luzatu zion langileen ordezkaritzak enpresaren zuzendaritzari: «Substantzia kantzerigenoa den formaldehidoaren auzia, labe zaharren ke isuri neurrigabeen arazoa, prebentzio eta segurtasuneko langileen ordezkarien baztertzea…» aipatzen ditu LABek, neurriak hartzeko kontutan hartu beharrekoen artean.
Horren faltan, «Beasaingo plantako inongo arrisku ebaluaziotan oinarritu gabe, ustezko prebentziozko neurriak hartu ditu. Arduraz beharrean itxurakeriaz jokatu du», LABek salatu duenez.
Hala izanda ere, argi utzi dutenez, «inola ere ez diogu uko egiten EPIak erabiltzeari, baina uste dugu neurri honek ez duela bat egiten araudiak adierazten duenarekin». Horrez gain, erabilera orokorra «neurrigabea» dela diote, «langileentzat beharrezkoak ez diren eragozpenak eta arriskuak dakartzalako». Arriskuen balorazioa «lanpostuen araberakoa» egin behar dela uste dute.
Hori horrela, ondorengo neurriak eskatu dituzte: «lanpostu bakoitzeko arriskuak zehaztea eta ezabatzea; prebentzio neurri kolektiboak lanpostuen arabera hartzea; behar bezala justifikatutako neurriak hartu ezin badira, EPIak entregatu eta erabiltzea zein posizio, baldintza eta eginkizunetan erabili behar den zehaztuz; eta hala badagokio, haien hautaketan informatzea eta parte hartzea».