Legorreta, reggaearen hiriburu
X. Legoreggae musika jaialdia egingo da etzi Legorretako Harripila kiroldegian. 22:00etatik aurrera, nazioarteko zein euskal reggae eszenako hainbat artista igoko dira oholtzara. Arratsaldean, reggae kalejirak alaituko du herria.

Duela 12 urte, 2013an hasi zen dena. Gazte Asanbladak antolaturiko Gazte Festetako kontzertuetan Revolutionary Brothers, King Konsul eta Yanu artistak izan zirenean. Reggae musika gustuko zuen gazte talde bat zegoen bertan eta gau hartan sortutako giro onak eta jendearen erantzunak zerbait gehiago egiteko aukera bazegoela pentsarazi zien. Revolutionary anaiek antolatzen zuten jaialdira joan eta reggae musikaren inguruan sortzen den giroa Legorretara eraman nahi zutela garbi geratu zitzaien. Han hasi ziren Legoreggae jaialdiko lehen pausoak ematen. «Orain gure lagun diren, Revolutionary Brothersekin elkarlanean». Eta harmargarren Legoreggaera iritsi dira.
Legoreggaeko antolatzaileen ustez, hasieratik «oso harrera ona» izan du jaialdiak. «Urtez urte mugimenduak gora egin duela esango genuke gainera eta reggaeak bere txokoa hartu duela kaleetan. Hasi ginenean ez genuen inolaz espero horrelakorik. Urtez urte aretoa entzulez beteta izan dugu eta horretaz gain sekulako giroa». Kulturari berari lekua egin diote herritarren artean: «Esango genuke jaialdira etortzen diren entzuleak reggae kulturarekiko geroz eta atxikimendu handiagoa dutela, azken urte hauetan konexio handia ikusten dugu jendearen eta musikarien artean».
Hamargarrenera iritsi dira dagoeneko. «Beti izaten dira gorabeherak horrelako jaialdiak antolatzerakoan (esate baterako Covid garaia zaila izan zen) baina garrantzitsuena ilusioa mantentzea da». Urte hauetan guztietan, «udalaren eta herriko zein inguruko eragile ezberdinen laguntza ezinbestekoa» izan dute bidean. «Tabernariak, Ordiziarrock, Revolutionary Brothers eta abar luze bat. Jendeak ematen digun erantzunak eta laguntzak ematen digu indarra honekin jarraitzeko, beti esaten dugun bezala, haiek gabe ez litzakeelako posible izango».
Reggaea indartu
Legoreggae antolatzen hasi zirenean «Euskal Herrian dagoeneko bazen mugimendu polit bat reggae musikaren inguruan, kalitate handiko taldeak eta estilo anitz». Hala ere, urteek aurrera egin ahala «mugimendu hori indartu egin dela» diote: «Nahiz eta ez izan euskal musika eszenako estilo nagusienetako bat, urtero sortzen dira reggae talde berriak Euskal Herrian». Legoreggaekoek argi dute: «Gure oinarrietako bat euskal musika zabaltzea da eta urtero ekarri izan ditugu euskal reggae taldeak jaialdira, beraz, horrek erakusten du reggaeak baduela bere lekua Euskal Herrian».
Hamargarrena izanik berezia da aurtengoa: «Izan ere, hasi ginenean erdi brometan esaten genuen hamargarren ediziora iritsiko ginela. Harro gaude egindako lanagatik eta lortutakoagatik eta ilusioz heltzen diogu aurtengoari».
Osasuntsu dago Legoreggae, «lagun talde bat» da jaialdia antolatzen dabilena urtean zehar, «eta beraz, horrek dena asko errazten» du. «Bakoitzak badaki zein diren bere ardurak eta neurria hartua diogu antolakuntzari. Gainera, urtean zehar edota egunean bertan laguntza behar izaten dugunetan herritarrek ezin hobe erantzuten dute eta hori txalotzekoa da, ez baita leku guztietan gertatzen».
Arlo ekonomikoa erronka
Baina gero eta zailtasun gehiago dituzte. «Geroz eta zailagoa da kultura ekitaldi bat antolatzea. Eskatzen diren betebeharrak handitzen joan dira azken urteotan, legedia berritu egin delako eta baldintza hauek betetzeko egin beharreko gastu ekonomikoa izugarri handitu da. Hau da momentu honetan Legoreggaeren erronka nagusia, ekonomikoki buelta ematea edizio bakoitzari. Etorkizunera begira jarrita ere honek sortzen dizkigu zalantza gehien». Legoreggae aurrera eramatea posible izaten lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie.
Argi zuten hamargarrenean haientzat «oso garrantzitsuak izan diren musikariak ekarri nahi» zituztela. «Eta pozik gaude lortu dugulako». Revolutionary Brothers anaiek «oholtza gainean egon behar zuten nahitaez, hasieratik ondoan egon baitira eta euskal reggae eszenan erreferenteetako bat dira». Horiekin batera, «Bad Sound ezinbestekoa da gure reggae zaletasuna ulertzeko, aitzindari baitira eta Euskal Herrian ezin da reggaea ulertu Bad Sound gabe».
Aurrekoetan egonak diren King Konsul, Eira eta Lua Matheus abeslariak ere izango dira, eta lehenengoz ariko dira Skaregekasko eta Erreugiñak talde gazteak. Arratsaldeko (18:00) kalejirarako ere «oso garbi» zuten Marabiyak iruindarrek errepikatu egin behar zutela iazkoa.
Nazioarteko artista handi bat ekartzea ere lortu dute: «Ilusioz gainezka gaude Protoje jamaikarra oholtza gainean izango dugulako». Tippy I ekoizlea berriz ere izango da, eta «aurtengoan mundu mailako reggae musikaren izen handienetako batekin etorriko da». Antolatzaileen hitzetan, «orain arte ekarritako artistarik ospetsuena» da. «Imajinatu ere egingo ez genukeen artista horietako bat da Protoje».