Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zentro bat zabalduko dute Zaldibian
Iaz Donostian eta gaur Arrasaten zabaldu duten Hariberriak zentroaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak irekiko duen hirugarrena izango da Zaldibiakoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko herrialdeko hirugarren Hariberriak zentroa zabalduko du Zaldibian. Gaur egin du iragarpena Eider Mendoza Diputatu Nagusiak, Arrasaten ireki duten egoitzaren inaugurazio ekitaldian.
Arrasatekoan bezalaxe, Zaldibian irekiko duten egoitzan informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa eta soziala emango dizkiete sexu-indarkeriaren biktimei, bai eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza ere. Iazko azaroan Donostian zabaldu zuten aurreneko zentroa, eta aurrez, uztailean, behin-behineko kokapen batean hasi ziren zerbitzua ematen.
Aldundiak Gipuzkoaren “lurralde-orekarekiko duen konpromisoa” berretsi nahi izan du gaur Arrasaten ireki duten zentroaren inaugurazioarekin, eta Zaldibiakoaren irekieraren iragarpenarekin. Datarik ez du zehaztu, baina datozen hilabeteetan zabalduko dutela adierazi du.
Kontsultak Hariberrian
2024ko uztailaren 1ean behin-behineko kokalekuan ireki zenetik, Hariberria zerbitzuak 350 kontsultari eman dio erantzuna. Horietatik 147 donostiarrek egin dituzte, 168 gainerako gipuzkoarrek, bi beste probintzia batetik egin dira, hiru atzerritik –Gipuzkoan erasoak jasan zituzten pertsonek– eta 30 zehaztu gabeko jatorrietatik. Laguntza eskatu zutenen profilari dagokionez, kontsulten erdiak –175– partikularrek egin zituzten; horietatik 137 zuzeneko biktimak ziren. Gainerako 175ak profesionalek egin zituzten.