Astebetez mugikorrik gabe egon direneko esperientzia
'No phone challenge' egitasmoarekin bat egin dute aste honetan Ordiziako Oianguren Institutuko DBH4 mailako bederatzi ikaslek eta sei irakaslek.

No phone challenge egitasmoarekin bat egin dute aste honetan Ordiziako Oianguren Institutuko DBH4 mailako bederatzi ikaslek eta sei irakaslek. Kaxa batean mugikorrak utzi, eta astebetez telefono mugikorrik gabe egotea izan dute erronka. Ordiziako III. Adikzio Planaren barruan kokatutako egitasmoa da. Gaur izan da mugikorrak jaso eta astean zehar bizi dituzten esperientziak trukatzeko eguna.
Guztiek argi dute: esperientzia aberasgarria izan da, errepikatzeko modukoa. Izan ere, ikasleek eta irakasleek garbi ikusi dute telefono mugikorrarekiko zer nolako menpekotasuna duten: “Guztiok hausnartu beharko genuke zenbat denbora pasatzen dugun mugikorrari begira”.
Ikasleen esanetan, “alternatiba desberdinak” aurkitu dituzte mugikorraren erabilera ordezkatzeko: mendira joan, sukaldatu, irakurri, paseatu… Baina zailtasunak ere izan dituzte. Batez ere, lagunekin komunikatzeko eta planak egiteko, eta sare sozialetan ibili eta zer gertatu den jakiteko garaian. “Zerbait galtzen ari nintzenaren sentimendua izan dute. Baina lortu dute lasai hartzea eta beste gauza batzuk egitea”, dio ikasle batek. Eta “isolatuta” ere sentitu da besteren bat, “lagunak noiz gelditu diren ez nekielako, edo kalera atera eta lagunak mugikorrarekin jartzen zirenean… aparte bezala geratzen nintzen”.
Hemendik aurrera, erabilera kontzienteagoa izango dute azpimarratu dute.
Irakasleak ere bai
Sei irakaslek ere hartu dute parte No phone challenge egitasmoan, mugikorren eta pantailen menpekotasunak kezkatzen duten gaia delako, eta ez delako gazteen arazoa bakarrik. “Helduok ere menpekotasun handia dugu”, diote.
Nerea Martinez irakasleak “orokorrean lasai eta eroso pasatu” du astea. “Egia da momentu batzuetan gogoratu naizela mugikorraz. Deskonexio bezala erabiltzen dut mugikorra, eta momentu horietan faltan sumatu dut. Etxean telefono finkoa daukat eta gurasoekin telefono finkoa erabiliz komunikatu naiz”. Hori bai, “lehen baino dei gehiago egin ditut. Egia da Whatsapparekin soluzionatzen ditugula gauza asko baina agian aberasgarriagoa da deiak egitea, zuzenagoa da harremana”. Interneteko erosketa batzuk atzeratu behar izan ditu ditu.
Dena den, herritarrak “animatu” nahi ditu Martinezek, “asteburuetan telefonoan datuak kendu eta sentipen hori bizitzera”.