Iparra-Hegoa, asteburuari heltzeko prest
Kontzertuak, ekitaldi gastronomikoak eta Gereziondoko ekitaldia izango dira asteburuan.

Astelehenetik martxan da 28. Iparra-Hegoa Seguran, Ele-berriak izenburupean. Lehendabiziko egunak gaindituta, festa giroko ekintzei txanda emateko unea iritsi zaio kultur asteari bere ekuatorean.
Atzo arratsaldean iritsi ziren Baionako (Lapurdi) Etxepare Lizeoko lehenengo ikasleak Segurara eta kantu poteoa eta bertso afaria egin zituzten iluntzean Nerea Ibarzabal, Eneko Araiztegi eta Amets Arazallusekin. Asteazkenean, 30 bat lagun elkartu ziren Elorri elkartean, giro ederrean, Kuko jatetxeko Iñaki Telleriak gidatutako pintxo dastaketara. Bertan prestatutako platerak dastatzeko aukera izan zuten ondoren. Arrakastatsuak izan dira, baita astelehenean eta asteartean antolatutako hitzaldiak ere. Iparra-Hegoako Euri Albizuren hitzetan «interesgarriak» izan dira aukeratutako gaiak eta jendeak ere «ekarpen interesgarriak» egin ditu. Aurtengo leloari tiraka euskalduntzearen inguruko hausnarketa egin dute bi hitzorduetan.
Urruñako haurrak, pozik
«Pozik» itzuli dira etxera, Seguran egonaldia egin duten Urruñako (Lapudi) ikastolako haurrak ere. Astelehena eta asteartea bitartean Segura gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, harremanak egin dituzte Laiotz herri eskolako haurrekin eta maiatzean, Segurako haurren bisita izango dute, bueltan, Urruñan.
Oraindik, asteburu betea dute aurretik Seguran eta igandean, Euskal Herriko herrien arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldiarekin itxiko dute aurtengo edizioa.
Ikusi egitaraua osorik ondoko estekan: Iparra Hegoa 2025