Landare haziak erein dituzte ikasleek biodibertsitatea sustatzeko
26 zuhaitzen oinetan erein dituzte haziak herriko ikastetxeetako ikasleek, udalaren ekimenez.

Zuhaitz eguna egin dute gaur Beasainen. Udalaren ekimenez, herriko ikastetxeetako ikasleekin batera egin dituzte landaketak. Murumendi eskolako, La Salle ikastetxeko, Andramendi ikastolako eta Alkartasuna lizeoko ikasleek parte hartu dute, helburu bikoitza duen ekimen honetan. Izan ere, landaketak egiteaz gain, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea ere bada ekimenaren xedea.
Aurtengoan, zuhaitzak landatu beharrean, naturalizazio lanak burutu dira herriko hainbat eremutan, hau da, landare haziak erein dituzte zuhaitzen oinetan, horrela, metro karratuko lorategi txikiak sortzeko helburuarekin.
Bi eremutan burutu dituzte lanak: Jose Migel Iturrioz kalean eta Igartza futbol zelaiaren inguruan. Guztira 9 ezki, 14 haltz eta 3 astigar aukeratu dira, haien oinetan landare haziak ereiteko.