Beñat Senarrek 1. Mailako buruz buruko aurre-kanporaketa jokatuko du
2. Mailako aurre-hautaketa partida 20-22 irabazi dio Asier Agirreri. Beste koska bat gainditu beharko du orain, 1. Mailako koadroan sartzeko.

Beñat Senar pilotari ataundarrak 1. Mailako buruz burukoan aritzeko urrats bat gainditu du, gaur, Tolosako Beotibarren. 2. Mailako aurre-kanporaketan, Asier Agirreri 20-22 irabazi dio, eta 1. Mailako aurre-kanporaketa jokatzeko txartela irabazi du, printzipioz. Partida gora-beheratsua izan da. 13-4 galtzen izan da Senar, emaitza irauli, 17-21 aurretik eta aise poltsikoratuko zuela iruditu arte; baina kosta zaio 22ra heltzen. 15na tanto egin dituzte biek; Senarrek 5 pilota galdu ditu, eta Agirrek 7.
Handienen artean jokatuko du, pilotaren lehiaketarik gogorrenean. Duela urte eta laurden debutatu zuen profesionaletan. Enpresek oraindik 1. Mailakoa buruz burukoaren xehetasunik eman ez badute ere –bihar Binakako Txapelketako finala jokatu behar dute oraindik–, ziurrenik Senarrek beste aurre-kanporaketa bat jokatu beharko du, jada 1. Mailakoekin. Hori gainditzen badu igaroko litzateke koadro nagusira.

Beñat Senar Apalategi, Ataungo San Gregorioko Zelai pilotalekuan, 2023an. // ARGAZKIA: Aimar Maiz