Theo Kipsang, Urretxun apopilo eta Azkoitia-Azpeitian nagusi
Etxaniz anaien bitartez Urretxun dagoen kenyarrak irabazi du 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Kenyarren arteko lehia izango zela segurua zen, baina Goierritik ere puska bat badu 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko gaurko garaipenak. Theophilus Kipsang gazteak irabazi du Urola Erdiko lasterketa ospetsua, gaur arratsaldean, 1:02:06 orduko denborarekin. Meritua berea den arren, erraztasun eta laguntza emate aldetik zeresan handia dute txapelean Iñaki eta Mikel Etxaniz anaia urretxuarrek. Beraien bitartez, Urretxun dago Kipsang, iraupeneko atletismoan profesional izateko bidean. Iazko azaroan, Valentzian egin zuen berę bizitzako lehen maratoia, Etxaniz anaiek lagunduta Europara etorrita, orduan ere. Gaia ikusi diote nonbait 28 urteko atletari, Joma taldeak fitxatu baitu. Datorren astean Madrilgo maratoi erdian lehiatuko da. Udazkenean ere Europan maratoi batean irteteko asmoa dauka.
Azkoitia-Azpeitian, gaur, podiums osorik kenyarrek hartu dute. Kipsangekin batera, Johana Erot (1:02:16) eta Mark Kosgey (1:02:24) igo dira sarituen oholtzara. Goierritarrak ere oso aurrean ibili dira. Mikel Auzmendi ataundarrak 12. bukatu du (1:11:55), eta Mikel Fernandez ezkiotarrak 13. (1:12:34).