Musikaz eta dantzaz agurtu dute aurtengo Iparra-Hegoa
Gereziondoko ekitaldia egin dute Iparra-Hegoa ospakizunaren barruan. Aurtengo gonbidatuak Baionako (Lapurdi) eta Tuterako (Nafarroa) AEK-ko ikasleak izan dira.

28. Iparra-Hegoa amaitutzat emateko, egitarau oparoa antolatu dute egun osorako Seguran. 13:00etan Gereziondoko ekitaldia egin dute herriko plazan, eta eguraldia lagun, musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izan da. Hala ere, goizean goiz hasi da festa. 10:00etan sukalki prestaketa egin dute, eta 11:00etan, gaiteroek Segurako kaleak alaitu dituzte. Jarraian, Gautegiz-Arteagako dantzariek ere giro paregabea sortu dute.
Aurtengo protagonistak Euskal Herriko bi muturretako euskaldun berriak izan dira: Baionako (Lapurdi) eta Tuterako (Nafarroa) AEK-ko ikasleak. Ondoren, 15:00etan bazkaria egin dute Kuxkuxtu txarangak alaituta. Arratsaldean ere jarraipena izan du festak, 16:00etan Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa izan da eta 16:30ean erromeria Imuntzo eta Belokirekin.





















































