Dantzari txikiak, festarik festa igandean
Goierriko ia dantzari txiki guztiak elkartuko dira igandean Legazpin, Zaldibian eta Zegaman. Denboraldia hasi berria da, oraindik Legorreta, Zumarraga, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Urretxu falta dira.

Goierriko ia dantzari txiki guztiak festarik festa ibiliko dira igandean, Legazpin, Zegaman eta Zaldibian egingo dituzten topaketen aitzakian. Korosti, Tobera eta Iztueta dira antolatzaileak, eta Goierriko ia gainerako talde guztiak gonbidatuko dituzte, Gipuzkoako eta Nafarroako beste talde batzuekin batera.
Dantzari Txiki egunen denboraldia hasi besterik ez da egin. Seguran Azpilla taldeak egin zuen udaberriko emanaldia izan zen aurrekaria, eta joan den igandean Ormaiztegin egin zen Goierriko errondako lehena. Igande honetako hiru hitzorduen ondoren, Legorretakoa, Zumarragakoa, Ordiziakoa, Beasaingoa, Lazkaokoa eta Urretxukoa etorriko dira.
Legazpin, Korostirekin
Goizeko festa izango da Korosti taldeak Legazpin antolatutakoa, eta bigarren urtez, Haurrak Oin Puntetan izena eramango du. Beasaingo Aurtzaka, Urretxu-Zumarragako Irrintzi, Urretxuko Lurra, Legazpiko Sustraiak, Iruñeko Oberena, Antzuolako Oinarin, eta Aretxabaletako Leizarri izango dira Korostiren gonbidatuak. Musika Goiz Deia txistulari bandak eta Doinuzar dultzaineroek jarriko dute, taldeetako musikariekin batera.
Dantzariak 11:00etan elkartuko dira Laubiden, eta kalejiran joango dira gero plazarantz. Plazan, 12:30ean elkartu eta dantza emanaldia egingo dute guztiek batera.
Zaldibian, egun osoz
Iztueta taldeak, berriz, egun osoko topaketa antolatu du Zaldibian iganderako. Ordiziako Amets Bide, Beasaingo Aurtzaka, Legorretako Irrintzi Alai eta Berako (Nafarroa) Gure Txokoa izango ditu gonbidatuak 33. Dantzari Txiki egun horretan.
Dantzariak 11:00etan elkartuko dira, eta hamaiketakoaren ondoren, desfilea egingo dute, 13:00etan jaialdi batekin amaitzeko. Bazkaldu eta gero, 16:30ean elkartuko dira berriz, oinkada egiteko eta agurtzeko.
Zegaman, Tobera
Zegamako Dantzari Txikien festan, berriz, Tobera dantza eskola antolatzailearekin batera, Segurako Azpilla, Lazkaoko Oin Arin, Beasaingo Ostadar eta Zeraingo Solkie elkartuko dira.
Frontoian geratu dira 10:45ean hamaiketakoa egiteko, eta 11:00etan, plazarainoko desfilea hasiko dute. Herriko trikitilariak eta Zegamako txistulari banda izango dituzte lagun.