Oiangualdeko 82 etxebizitzen proiektuari, hasierako onespena
EAJk alde bozkatu du, EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira eta Ordizia Orainek aurka bozkatu du. 2000. urtean onartu eta 2008an berretsitako proiektua da. EAJren mozioa ere onartu da, haur eskola Partzuergoan integratzeko eskatuz.

Martxoaren 27ko Ordiziako udalbatzan Oiangualde eremuan plan partzialaren aldaketa egitea onartu zen, EAJren aldeko zazpi botoekin. EH Bildu (7) eta PSE-EE (1) abstenitu egin ziren eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek aurkako botoa eman zuen. Goierriko Lanbide Eskola, Goieki, Lortek, Pagosa eta La Granja eremuari dagokion Plan Partziala da, 2000. urtean onartu eta 2008an berretsia.
Azken aldaketen ondorioz, Goierri Eskolaren atzeko lursailean Aburuza eraikuntza enpresak 125 metroko 82 etxebizitza eraikitzeko baimena izango du; aurreko proiektua, 200 metroko 54 etxebizitzatakoa zen. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, azken aldaketekin «urbanizatu behar den lurzoruari etekin handiena ateratzen» saiatu dira. «Eraiki behar bada, ahalik eta etxebizitza gehien egiteko izan dadila. Alde batetik, hain eskasa den lurzoruaren erabilera ahalik eta eraginkorrena lortzeko. Baina bestetik, sortzen den etxebizitza eredua ere, ahalik eta zentzuzkoena izateko».
Beste hainbat hirigintza lan aipatu dituzte. «Saiatu gara, ahalik eta onurarik handiena lortzen Ordizia eta ordiziarrentzat». Eta ur-biltegi handiagoa egitea ere zehaztu dute Plan Partzialean. «Azkenean Gipuzkoako Urakek proposatu du, biltegia handiagoa egitearen gainkostua bere gain hartuko duela eta Ordiziako herri osorako baliagarria izango den ur-biltegia eraikiko duela. Hartara, orain herrian dugun 12 ordu eskaseko autonomia 48 ordutara handitzea lortuko genuke, mozketarik balego, bi egunez gure biltegiekin irauteko aukera lortuz».
Abstentzioaren arrazoia
EH Bilduko zazpi zinegotziak abstenitu egin ziren udalbatzan; «nolabait adierazteko hau ez dela guk defendatzen dugun herri eredua, baina une honen kudeaketa guri egokitu zaigu, eta aukera txarrenetan onena lortzen saiatu gara».
2000. urtean onartu eta 2008an berretsitako hirigintza proiektua dela gogorarazi du alkateak: «EAJ gobernuan zegoela, Oianguko golfaren proiektua abian zegoen garaietan. Ez gara inoiz egitasmo hauen alde egon, baina ordudanik EH Bilduk hainbat pauso eman ditu urbanizazio prozesuan, Lortek eta Goieki eraikita eta martxan daude, eta azken fasearen gauzatzea iritsi denean, eskuak loturik ditugu atzera egin ahal izateko. Testuinguru honetan, txarrenari onena ateratzeko saiakera egin dugu, azpimarratuz ez dela inoiz gure herri eredua izango horrelako etxebizitza auzoak sustatzea».
Ordizia Orain, aurka
Ordizia Orain – Elkarrekin Podemosek proiektuaren aurkako botoa eman zuen: «Hasierako proiektuarekin alderatuta etxebizitzen tamaina txikitu bada ere, gaiaren funtsa berbera da: interes pribatuak lehenesten dira premia kolektiboen gainetik, Ordizia etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzear dagoen testuinguru batean gutxien behar den ekimen bat», esan du taldeak.
Gaineratu duenez, «Gobernu taldeak alderdi positibo batzuk aipatu ditu, hala nola kaleen urbanizazioa, ur-biltegi berria… baina funtsezko zalantzak argitu gabe daude oraindik: nork izango du benetan onura urbanizazio horretatik eta nola eragingo du herritarrengan?».
Balio ekologiko handia
Horrezaz gain, «balio ekologiko handiko eremua» dela gogorarazi dute: «Ordiziako natura-gune bereziena. Urbanizazio hori ia-ia Oianguko sagarrondoetaraino iristen da, benetako hondamendia, txikizio bat». Haien esanetan, «arlo honetako edozein proiektuk bermatu behar du bere baliabide naturalak babesten» direla. «Gainera, jarrera horrekin bat egin izan du Lurralde Plan Partziala egiteko ardura duen pertsonak, zona horretako urbanizazioaren aurka dagoela adierazi izan baitu».
Horregatik guztiagatik, «alternatiba» bat proposatu du Ordizia Orainek. Batetik, «udalak lursail horiek erostea eta ondasun publiko gisa tratatzea»; gainera, La Granja erostea iradokitzen dute, «lehen sektoreko ikerketa eta prestakuntza zentro bihurtzeko, inbertsio esanguratsua Ordiziako eta inguruko etorkizunerako»; eta bestetik, «Ordiziako herritarrek beren etorkizunari buruz erabakitzeko aukera izatea, parte-hartze prozesu bat irekitzea, herritarrek Oiangualderen etorkizunari buruzko iritzia eman dezaten».
Izan ere, Ordizia Orainen esanetan, «ziur» daude denek lagundu dezaketela: «Garapen eredu bidezkoago bat lortzen, ingurumena errespetatzen duena eta herriaren benetako beharretara egokitzen dena. Ordiziak bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea du, eta borrokan jarraituko dugu erabaki hori entzun eta errespeta dadin». Azkenik, EH Bilduri eskatu dio informazio guztia herritarren esku jartzeko.
Ordizia Orainek eskatutako erreferendumaren harira, Ezenarrok dio «tamalez» orain ez daudela «atzera egiteko moduan, eta erreferendum edo dena delakoez hitz egiteak herritarrak nahastu baino ez ditu egiten».
EAJk aurkeztutako Haurreskola Zerbitzua Haurreskolen Partzuergora integratzeko mozioa ere onartu zuten, EAJ (7), Orain Ordizia (2), PSE-EEko (1) aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen. EAJrentzat helburua «argia» da: «Zerbitzua doakoa, publiko eta kalitatezkoa bihurtzea, herritarren mesedetan».
Alkateak 2021az geroztik gai horren inguruan egindako bidearen kronologia egin zuen udalbatzan, eta jakinarazi zuenez, Partzuergora integratzeko bide horretan langileen jarraipena bermatzeko, Hezkuntza Sailarekin hitzarmena prestatzen ari dira.