Ordiziako merkataritzak, hegoak zabalik
Ordizian Merkatari elkarteak udaberriko kanpaina berriari ekingo dio, herriko 97 establezimenduren parte-hartzearekin. Ekimenak bi ekintza izango ditu: erakusleiho lehiaketa eta urratu jokoa.

Ordiziako Merkatarien Elkarteak, Ordiziako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin elkarlanean, udaberriko kanpaina jarri du abian udalerriko merkataritza eta zerbitzuen sektorea sustatu eta laguntzeko, Ordiziako merkataritzak bere hegoak zabaltzen ditu lemapean. Guztira 97 establezimenduk parte hartzen dute kanpainan, sektore ezberdinetakoak: arropa eta oinetakoak, liburu-dendak, ile-apaindegi eta estetika, optikak… eta kanpainari dagokion kartelarekin bereizi ahal izango dira.
Ordizianekoen esanetan, “edizio hau tximeletetan inspiratuta dago, Ordiziako merkataritzak duen eraldaketa-ahalmen handiaren eta ‘tximeleta efektuaren’ sinbolo gisa. Izan ere, keinu txiki batek, itxuraz bertako saltoki edo zerbitzu batean erosketak egitea bezain sinplea denak, eragin handia du establezimendu horren bizitzan eta, bereziki, gure herriko bizitzan.”
Erakusleiho lehiaketa
Gaur hasi da kanpaina martxan, komertzio biziaren irudia sortu eta Ordiziako merkataritza ingurunea dinamizatzeko helburuarekin. Bi arlo izango ditu kanpainak.
Batetik, erakusleiho lehiaketa antolatu dute. Establezimenduek beren erakusleihoak udaberriko giroarekin apaintzea sustatuko da. Lehiaketak hiru sari banatuko ditu: erakusleiho onenaren lehen sariak 300 euroko saria jasoko du, bigarren sariak 200 euro eta hirugarren sariak 100 euro.
Honetaz gain, 100 euroko bale bat ere zozkatuko da erakusleiho onena aukeratzeko botoa ematen duten bezeroen/herritarren artean. Botoa emateko formularioa www.ordizian.eus webgunean eta sare sozialetan egongo da eskuragarri. Erakusleiho onenei botoa emateko epea apirilaren 29an amaituko da eta apirilaren 30ean jakinaraziko ditugu irabazleen izenak.
Urratu jokoa
Bestalde, kanpainaren bigarren ekintza Urratu jokoa izango da, erosketak sustatzeko eta bezeroak saritzeko. 10 eurotik gorako erosketak eginez gero, Urratu txartel bat jasoko du bezeroak, hauek amaitu arte eta, guztira, 10 euroko 100 sari banatuko dira kanpainari atxikitako establezimenduetan hurrengo erosketetan/zerbitzuetan kontsumitzeko.
Horrez gain, saririk jaso ez duten Urratu txartelek ere 500 euroko saria eskuratzeko aukera izango dute, apirilaren 16an egingo den zozketa baten bidez. Saririk jaso ez duen txartelaren atzealdean izen-abizenak eta telefono-zenbakia adierazi behar dituzte bezeroek, eta Ordizian Bulegoaren postontzian utzi (Andre Maria kalea, 21).