Legazpiko zortzi judoka, Euskadiko kadete eta haur mailetako txapelketara
Larunbatean jokatuko dira biak, Gasteizko Arriaga kiroldegian.

Gipuzkoako txapelketan sailkatu ondoren, Judo Legazpi klubak kadete eta haur mailako zortzi ordezkari izango ditu larunbatean Gasteizen jokatuko diren Euskadiko txapelketetan. Lehia Arriaga kiroldegian izango da, eta 09:30ean hasiko da.
Kadete mailako ordezkariak Anderson Rosario, Haitz Ezpeleta, Alfredo Suarez eta Oier Astorquia izango dira, eta haur mailakoak. Ibon Betolaza, Adriana Reala, Andoni Suarez eta Unax Larraza. Azken hauek, Euskadiko eskolak kirol jokoen txapelketan parte hartuko dute.
Gipuzkoakoan, hainbat domina
Urnietan jokatu ziren joan den asteburuan Gipuzkoako txapelketak. Kadete mailan, Anderson Rosariok urrea irabazi zuen (-90 Kg), Haitz Ezpeletak zilarra (-50 Kg), eta Alfredo Suarezek brontzea (-60Kg). Oier Astorquia, berriz, bosgarrena izan zen. Gainera, Urko Betolazak, Unax Morekok, Huzaifa Asghar-ek, Aratz Masedak, lesionatuta amaitu zuen Hodei Urrizak, Oier Gilek, Marcos Calvok eta Iñigo Arakamak ere parte hartu zuten.
Haur mailan, klubeko zazpi kirolari izan ziren, eta Unax Larrazak urrea lortu zuen (-50 Kg), Adriana Realek zilarra nesketan (+63kg), eta zilarra baita ere Andoni Suarezek (-38Kg) eta Ibon Betolazak (+66). Amets Sagastume (-46 Kg) eta Oier Alustiza (-55 Kg) bosgarren postuan geratu ziren, eta Jon Alberdi (-42 Kg) zazpigarrenean.

Haur mailako judokak.