Sexilioari buruzko ‘Xerka’ hitzaldia eta argazki erakusketa, Legorretan
Igandean izango da hitzaldia Herri Antzokian, 17:00etan. Martxel Larrazak, Joseba Olagaraik eta German Urteagak parte hartuko dute.

Martxel Larrazak eta Joseba Olagaraik Xerka hitzaldia eta argazki erakusketa eskainiko dute igandean, 17:00etan, Legorretako Herri Antzokian. Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queer-en bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du. German Urteaga beasaindarrak ere parte hartuko du igandean Legorretan, bere lekukotza eskainiz. Solasaldia “>Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi esperientziak kontatuko dira. «Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz», diote Xerka-koek.
Izan ere, «sexilioa deitzen zaio sexu orientazioa edo genero identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBi pertsonen migrazio behartuari».
Argazkiak, udaletxean
Argazki erakusketa, berriz, udaletxean jarriko dute ikusgai, datorren igandera arte. Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza du oinarrian Xerkaren erakusketak; 2024an komunikazioko GRALen III. Berria sariketa irabazi zuen.
Erakusketan, «paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa» proposatzen dute argazkiek, «gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan».

Lesakako hitzaldia, azaroan.Xerka.