Haurrak oin puntetan jarri ditu Korosti dantza taldeak
Dantzari txikien topaketa egin zuten atzo goizean Legazpin, sei talderen partaidetzarekin.

Korosti dantza taldeak antolatuta, dantzari txikien Haurrak Oin Puntetan topaketa egin zuten atzo goizean Legazpin. Korosti beraz gain, Legazpiko Sustraiak, Urretxu-Zumarragako Sustraiak, Antzuolako Oinarin, Aretxabaletako Leizarri eta Iruñeko Oberena taldeak izan ziren topaketa horretan, guztien artean 300 bat dantzari txiki elkartuz. Musika Legazpiko bertako Goiz Deia txistulari bandak eta Doinuzar dultzaineroek jarri zuten, taldeetako musikariekin batera.
Eguraldiak lagundu zuen herriko kaleetan zehar dantzariek egindako desfilean, eta gero plazan denek batera egindako dantza saioan. Legazpin ospatzen ari zen Erdi Aroko Azokak ere jarri zuen bere alea, bertan parte hartzen ari ziren hainbat artista ere desfilean joan zirelako.
Antolatzaileak gustura geratu dira Haurrak Oin Puntetan topaketa honekin, eta balantze ona egin dute.


















































