Herri danborradarako lehen entsegua egingo dute bihar
Legazpiko Santikutz jaiak hurbiltzen ari dira, eta bi danborradetarako entseguak martxan daude. Familien eta Mirandaola egunetarako bazkariei begira, txartelak salgai jarri dituzte.

Legazpiko Santikutz jaiak hurbiltzen ari dira, eta ekitaldi batzuk prestatzen hasita daude. Hala, haurren eta gazteen danborradarako entseguak hasita daude, eta bihar egingo dute maiatzaren 2ko gaueko herri danborradako lehena. 20:00etan izango da, Haztegi ikastolako pilotalekuan.
Beste entsegu egunak apirilaren 11a,15a, 22a eta 25a izango dira. Entsegu orokorra, musika banda eta guzti, apirilaren 29an izango da, 21:00etan, Domingo Agirreko kantxan.
Bestalde, haur eta familia eguneko eta Mirandaola eguneko bazkarietarako tiketak salgai jarri ditu dagoeneko udalak. Haurren eta familien eguna maiatzaren 2a izango da, ostirala, eta bazkaria 14:00etan egingo dute, haur txikiak dituztenen familiei zuzenduta. Ohi bezala, norberak eraman ahal izango du bazkaltzeko behar duena, baina aurtengoan ere, Lekanazpi elkarteak menua prestatuko du: makarroiak, eta Lakiola baserriko saltxitxak. Tiketaren prezioa 4 eurokoa da, eta erosteko azken eguna, apirilaren 24a.
Mirandaola eguna, berriz, maiatzaren 11 izango da, igandea. Horretara ere, norberak eraman dezake jatekoa, baina Lekanazpik haragi paella prestatuko du, 6 euroren truke. Edaria Mirandaola tabernan erosi ahal izango da. Ticketak erosteko azken eguna maiatzaren 7a izango da.
Gurrutxaga, Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan egongo dira salgai.