Unai Zabalo, podiumetik podiumera
Txirrindulari egokitua Espainiako Kopa ari da jokatzen, eta egindako hiru lasterketatan podiuma lortu du. Espainiako txapelketan ere parte hartuko du legazpiarrak.

Unai Zabalo Murillok (Legazpi, 1988) txirrindularia podiumetik podiumera salto eginez hasi du aurtengo denboraldia. Txirrindularitza egokituko Espainiako Kopa ari da egiten, eta egin dituen hiru lasterketetan lortu du podiumera igotzea.
Lanzaroten hasi zen Espainiako Kopa, baina txirrindulari legazpiarra ez zen haraino joan, eta hirugarren eta laugarren jardunaldietan heldu zion txapelketari, duela bi asteburu, Murtzian. Larunbatean, martxoak 29, erlojuaren kontrako proba jokatu zuen, 17,5 kilometroko ibilbidearekin, eta hirugarren egin zuen MC4 kategorian (hankan jaiotzatik duen desgaitasunagatik dago sailkatuta MC4 kategorian), 29:13ko denborarekin.
Hurrengo egunean, berriz, podiumaren gorenera igo zen, Murtziako Ceuti herri barrutik eta inguruetatik igarotzen zen hiru kilometroko zirkuituari 11 itzuli eman ostean. Esprint lehiatuan iritsi ziren helmugara hiru txirrindulari, eta Zabalo izan zen azkarrena.
Hirugarren, Leonen
Asteburu honetan ere lehian izan da Zabalo, Leongo Camponarayan, Kopako bosgarren lasterketan hain zuzen. Oraingoan ere lortu du podiuma, hirugarren egin baitu bertan.
Espainiako Kopa Valentzian amaituko da, ekainaren 14an eta 15ean.
Aurrera begira, Espainiako txapelketan du begia jarrita Legazpiko txirrindulariak. Maiatzaren 23tik 25era bitartean jokatuko da Lugon, eta hara joateko asmoa du, iaz bezala Euskal Selekzioarekin batera, hautatzen badute.
Talde berriarekin
Talde berriaren babesean hasi du denboraldia Zabalok. Aurten, Neuroimpulse-Galicia izango du ondoan, eta prestaketa fisikoan, berriz, Zurekin Prestakuntza zentroak lagunduko dio.
Bestelako laguntza eta babesa ere badu txirrindulari legazpiarrak, batetik, familiarena eta lagunena, eta bestetik, Elgoibarko Garitaonaindia Farmaziarena, han egiten baitu lan. “Jende hau guztia oso garrantzitsua da niretzat. Eskerrikasko!”.