Lanaren hiribidea, San Jose, Arantzazu, Zaldu eta Elbarrenako bizilagunekin elkartuko dira udal ordezkariak etzi
Legazpi Auzoetatik bilera errondaren hirugarren geldialdia izango da. Hitzordua 18:00etan jarri dute, Ezkurrenea eraikinaren ondoan.

Itxaropen eta Bikuña inguruko bizilagunekin bilera bana egin ondoren, ostegunean Lanaren hiribidea, San Jose, Arantzazu, Zaldu eta Elbarrena inguruko auzotarrekin elkartuko dira udal ordezkariak. Legazpi Auzoetatik bilera errondaren hirugarren geldialdia izango da. Auzoetara hurbiltzea eta herritarrekin hartu-emanean, bertako errealitatea gertutik ezagutzea da Legazpi Auzoetatik egitasmoaren helburua.
Hirugarren bilera honetarako, Ezkurrenea eraikinaren ondoan egin dute hitzordua 18:00etan. Handik abiatuko dira eremu horretan zehar ibilaldia egiteko, eta amaieran, berriz itzuliko dira Ezkurreneara, auzoko gaien inguruan hitz egiteko eta mokadu bat hartzeko. Eremu hau oso zabala da, eta udal ordezkariek ohartarazi dute ezin izango direla txoko guztietara iritsi, “baina osteko elkargunean izango da aukera auzo hauei buruzko edozein gai aurkezteko”.